Barrualdeetan eta metro eta erdiko distantzia bermatu ezin denean, maskara erabili beharko da oraindik. Eta 5.000 lagunetik gorako edukiera duten eremu itxietan, %80ra mugatuko da edukiera, orain arte bezala; hala nola, saskibaloi estadioetan. Horiek biak dira indarrean jarraituko duten neurri murriztaileak; gainerakoak bertan behera geratuko dira eguenaz geroztik. Horrenbestez, pertsona taldeek ez dute kopuru mugarik izango, tabernetako barretan kontsumitu ahalko da; kontzertuak zutik ikusi ahalko dira; gazteen lokalak berriz egongo dira irekita...
Halere, beste zenbait arau aldatuko dira eguenetik aurrera. Adibidez, Osasun Sailburuaren ordenean zehaztu da gizarte-, kultura- edo kirol-ekitaldietara joaten direnek –barruko zein kanpoko esparruetan–, ezingo dituztela elikagaiak edo edariak kontsumitu, ura izan ezik.
Iñigo Urkullu lehendakariak azaldu duenez, azkenengo aldiz batu da gaur Labi, eta osasun zaintza izeneko fase berria irekiko da hilaren 7tik aurrera. Batzordeak egindako balorazioan jaso da COVID-19aren eraginak jada ez direla "kritikoak" osasun sistemaren "funtzionamendu egokirako". Lehendakariaren esanetan, egoera endemikotzat har daiteke: "Kutsatzeak egonkor mantentzen ari dira; halere, horrek ez du esan nahi agerraldiak egon daitezkeela noizbehinka".
Horri jarraituz, egoerak hobera egin duela onartu badu ere, oraindik "zenbait mehatxu" daudela ohartarazi du lehendakariak: birusa aurreikusteko zailtasunak, mundu mailako txertaketaren bilakaerak sor ditzakeen arazoak eta immunitate naturalari ziurgabetasuna.