EAEn 12 urtetik gorako herritarren %91k baino gehiagok txertaketaren pauta osoa jasoa duten arren, Osakidetza hirugarren ziztada edo "errefortzurako dosia" ematen hasia da. Osasun sailaren hitzetan, hirugarren txertoa jasotzeak "areagotu egiten du antigorputzen kopurua eta, hala, handitu egiten da babes-maila". 70 urtetik gorako 124.400 herritar inguruk hirugarren dosia jaso dute dagoeneko.
Bada, astelehenetik aurrera, 60 urtetik gorako herritarrek aukera bera izango dute; COVID-19aren aurkako txertoaren hirugarren ziztada jasotzekoa, alegia. Azaroaren 29an bertan hasiko dira hitzorduak ematen, eta orain arte bezala, bi bide izango dituzte zita eskatzeko: Osakidetzaren webgunearen bidez edo osasun zentrora deituta.
Umeak, bidean
Atzo eman zuen Sendagaien Europako Agentziak (EMA) 5 eta 11 urteko umeei Pfizerren txertoa jartzeko oniritzia. 12 urtetik gorako herritarrei ematen zaien dosiaren herena emango zaie haurrei, eta hauek ere hiru asteko tartea errespetatu beharko dute ziztada eta ziztada artean. Eusko Jaurlaritzak gaiaren inguruko adierazpen instituzionalik egin ez duen arren, hainbat komunikabidek iragarri dute Jaurlaritzaren asmoa abenduan adin-tarte hau txertatzen hastea dela.