EAEko Justizia Auzitegi Nagusiari Covid Ziurtagiri Digitala aurkezteko beharra ezartzeko baimena eskatuko ziotela iragarri zuen pasa den asteartean Gotzone Sagardui Osasun sailburuak. Ziurtagiria 150etik gorako intzidentzia-tasa duten udalerrietako zenbait jardueratan eskatzea zuen helburu Eusko Jaurlaritzak; zehazki, 50 pertsonatik gorako jatetxeetan zein diskoteka, dantzaleku, musika taberna eta karaokeetan.
Bada, gaur goizean bildu dira Auzitegi Nagusiko magistratuak eskaria ebazteko, eta eguerdian eman dute jakitera erabakia: Iñigo Urkullu lehendakariaren gobernuak ez du baimenik EAEn ziurtagiria eskatzeko.
Jaurlaritzak, baina, badu eskariarekin aurrera jarraitzeko aukera, datozen hiru egunetan erabakiaren gaineko errekurtsoa jartzeko aukera baitu Espainiako Auzitegi Gorenean. Besteak beste, Katalunian, Galizian eta Balear Uharteetan indarrean dagoen neurria da ziurtagiriarena.