Gorenean errekurtsoa jarri du Jaurlaritzak, ziurtagiria ezartzea baimentzeko

Jon Irizar Aranguren 2021ko aza. 25a, 09:48

Astelehenean EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Covid Ziurtagiri Digitala aurkezteko beharra ezartzeko baimena ukatu ostean, Eusko Jaurlaritzak Espainiako Auzitegi Gorenean errekurritu du autoa. Atzo aurkeztu zuten helegitea, "neurriaren proportzionaltasuna" azpimarratuz; hots, 50 pertsonatik gorako jatetxeetan zein diskoteka, dantzaleku, musika taberna eta karaokeetan ziurtagiria aurkezteko beharra ezartzea da Jaurlaritzaren asmoa.

Atzo arratsaldean Eusko Jaurlaritzak prentsa ohar bidez adierazi zuenez, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Covid Ziurtagiri Digitalaren erabilera ezartzea baimendu ez zuen erabakiari helegitea jarri dio Espainiako Auzitegi Gorenean Iñigo Urkullu lehendakariaren gobernuak. "Neurriaren proportzionaltasuna" aipatu dute errekurtsoan, "eskubideen murrizketa orok beharrezkoa eta egokia izan behar baitu goragoko eskubide bat babesteko"; norbanakoen askatasun eskubidearen kaltetan, "goragoko" eskubide horien baitan kokatzen dituzte "bizitzeko eskubidea eta osasunaren babesa".

Eusko Jaurlaritzak argudiatu du ziurtagiria ezartzea "beharrezkoa" dela "birusaren transmisio komunitarioko olatu berri bat eteten laguntzeko eta herritar guztien txertaketa are gehiago sustatzeko". Neurriak "arrisku-portaerak" eragozteko eta kutsatzeak murrizteko helburua du gobernuaren hitzetan, eta "ondasun juridiko horrek askoz ere babes handiagoa izan behar du dokumentua establezimenduan sartzeko aurkezteak dakarren eragozpena baino".

Aplikazioa

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak asteleheneko prentsaurrekoan iragarri zuenez, ziurtagiria 150etik gorako intzidentzia-tasa duten udalerrietako zenbait jardueratan eskatzea du helburu Eusko Jaurlaritzak; zehazki, 50 pertsonatik gorako jatetxeetan zein diskoteka, dantzaleku, musika taberna eta karaokeetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak