Gaur igorri dio Espainiako Auzitegi Goreneko fiskaltzak Eusko Jaurlaritzak jarritako helegitearen inguruko txostena administrazio-auzietarako aretoari; helegitearen inguruan erabakia hartuko duen aretoari, alegia. Gaur zortzi EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Covid Ziurtagiri Digitala aurkezteko beharra ezartzeko baimena ukatu zion Iñigo Urkullu lehendakariaren gobernuari, eta bide legalei segika, pasa den eguenean jarri zuen Jaurlaritzak helegitea Espainiako Auzitegi Gorenean.
Goienak bildu ahal izan duen informazioaren arabera, eta irailaren 14ko Galiziako Covid Ziurtagiriaren 1112/21 epaia oinarri hartuta, fiskaltzak ontzat jo du errekurtsoa. Beste hitz batzuetan, erabilera ezartzearen alde azaldu da. Hainbat hedabidek jaso dutenez, "neurri egokia, beharrezkoa eta neurrizkoa dela" uste du fiskaltzak.
Epaia, bost egunetan
Fiskalaren erantzuna mahai-gainean, Espainiako Auzitegi Goreneko hirugarren aretoak bost egun dauzka helegitearen inguruko azken erabakia hartzeko. Hala ere, eta "iturri juridikoetan" oinarrituta, ebazpena epea bukatu baino lehen jakitera emango dutela adierazi dute hainbat hedabidek.