EAJk ekainean aurreratu zuen Debagoienean dituen lau alkateak jarriko zituela bere herrietan zerrendaburu: Arrasaten, Maria Ubarretxena; Bergaran, Elena Lete; Aretxabaletan, Unai Elkoro; eta Eskoriatzan, Joserra Zubizarreta. Lurraldeko 24 udalerritako alkategaien berri eman zuten Kursaalen egindako ekitaldian. "Pozik gaude egindako lanarekin; izan ere, gure alkateek astindu bat eman diete herriei, geldialdi batetik gentozen eta. Herritarrekin hitz eginez, gainera. Horren ondorio da alkateek jarraitzeko konpromisoa hartu izana", zioen Josu Ezkurdiak, GBBko kide eta Eskoriatzako zinegotziak.
Arrasateko EAJk aurreko astean aurkeztu zuen Maria Ubarretxena alkategai moduan, Joseba Egibar eta Maria Eugenia Arrizabalaga alboan zituela. "Oraingo taldekide gehienek errepikatu egingo dute zerrendan, baina egongo dira aurpegi berriak, profil berriei erantzuten dietenak" esan zuen Ubarretxenak.
Gainerako herrietan –2015ean alkatetzarik lortu ez zuten Oñatin, Antzuolan eta Aramaion–, oraindik ez dute alkategairik aukeratu. "Alkategaiarekin batera, hautagaitza osatuko duen herritarren zerrenda ari gara osatzen", dio Lourdes Idoiagak, Oñatiko EAJren bozeramaileak. Alkate ohia bigarren joan zen 2015eko zerrendan, eta Miren Elgarresta alkategaia Foru Aldundira joan zenean hartu zituen bozeramaile ardurak. Edonola ere, "berriei" aukera eman eta "herrigintzan bai" baina "Udaletik kanpo" aritzeko borondatea agertu du.
Antzuolan, Basili Ormazabal EAJren Antzuolako bozeramaileak zera dio: "Gauzak zail dauzkagu. Inor animatu ezean, ni neu izango naiz buru". 2011n herritik kanpoko jeltzaleekin osatu zuten zerrenda eta alkategaia izan zen Maria Eugenia Arrizabalaga EAJren gaur egungo bozeramailea Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Orain, 2015ean bezala, herriko alkategaia aurkeztu nahi du Antzuolako EAJk, eta, hautagai berririk ezean, orduan bezala, Ormazabal izango da zerrendaburu.
Elgetan, 2015ean jeltzaleek ez zuten zerrendarik atera; Gu Geu Elgeta herri plataforman batu ziren hainbat hautagai jeltzale, Nerea Villa alkategai independentearen atzetik. Gerora, Mikel Larreak –1995-1998 agintaldian Antzuolako alkate izan zen, EAJ– egin ditu bozeramaile lanak. Hari galdetuta, berriro aurkezteko asmorik ez duela esan du eta plataforma, "seguruen", ez dela berriro osatuko. Elgetako EAJ, horrenbestez, hauteskundeetarako zerrenda osatzeko lanean legoke.
"Alternatiba erreala"
EH Bilduk dagoeneko bost herritan aukeratuta dauzka alkategaiak eta lau herri nagusietan hedabideen aurrean aurkeztu ditu. Azkena publiko egiten, Bergarakoa, martitzenean: Gorka Artola izango da, zinegotzia azken agintaldian. "Gaur egungo Gobernuari alternatiba erreala osatu diezaiokegula uste dugu", adierazi du. Arrasaten, Maider Morras izango da alkategaia. 2011-2015 agintaldian Inaxio Azkarragaurizar alkate zela, Bilduko zinegotzi izan zen. "Herrian ezaguna, profil zabalekoa, komunikatzaile ona, taldean lan egiteko dohain berezikoa eta kudeaketan eskarmentua duena". Horrelaxe definitu zuten alkategaia aurkezteko agerraldian.
Oñatin, aurpegi berria aurkeztu dute; askok ezustean hartu dute, gainera: Izaro Elortza; berria da politikagintzan. Eta, hain zuzen, Mikel Biainek zortzi urtean egindako lanari segida ematea izango da haren erronka. "Etapa berri bat hasteko ilusioz eta gogotsu nago; ohore bat da proiektu honen parte izatea", esan zuen abenduan. Aretxabaletan, Ion Albizu izango da zerrendaburua, hura ere zinegotzi azken agintaldian, oposizioan. Antzuolan, Beñardo Kortabarriak errepikatuko du. Gaur egungo alkatea bigarrenez izango da zerrendaburua. Eskoriatzan, berriz, otsailaren 9an egingo dute publiko alkategaia. Aitor Zubizarreta bozeramaileak zerrenda berritzeko borondatea azaldu du Harira-n: "Gazteei aukerak" emateko. Eta, erabat ziurtatu gabe, alkategaia "emakumezkoa" izango dela ulertzera eman du. Otsailaren 9an jakingo da.
Elgetan eta Aramaion ez dute ezer aurreratu. Elgetan, adibidez, Iraitz Lazkano alkatea izan daiteke aukera bat, duela lau urte hasitako bideari jarraipena emateko. Aukera horri buruz galdetuta, hark ez du ezer baieztatu: "Aurretik, zerrenda eta programa zehaztuko ditugu. Duela lau urte bezala, martxo aldera egingo dugu izendapena". Aramaion ere, aukeretako bat da Lierni Altuna alkateak errepikatzea. Baina ez dute ezer aurreratu.
Arrasaten, egonkortzera
Sozialistek ez zituzten emaitza onak lortu duela lau urteko hauteskundeetan, eta lau herritan dituzte zinegotziak: Arrasaten –hiru–, Bergaran, Aretxabaletan eta Antzuolan; guztira, sei zinegotzi. Baina erabakigarriak izan ziren Arrasaten, Bergaran eta Aretxabaletan, jeltzaleek alkatetza lortzeko. Udal Gobernuan jardun dute hiruretan. Arrasaten Oscar Garcia izan zen zerrendaburu eta errepikatu egingo du. Gainerakoetan, oraingo asteburuan aukeratuko dituzte alkategaiak.
Irabazi eta Ahal Dugu batera?
Ezker Anitzak, Equok eta Ahal Duguk zer egingo duten ikusteko dago. Seguruenez, batera aurkeztuko dira, indarra jarriz, bereziki, gaur egun ordezkaritza duten Arrasaten, Bergaran, Aretxabaletan eta Eskoriatzan, "eta Antzuolan", Ezker Anitzeko Debagoieneko koordinatzaile Juan Luis Merinok GOIENAri adierazi dionez. Exekutibek akordioa erditu bitartean, Irabazi –Ezker Anitza eta Equo– eta Ahal Dugu, norbere aldetik ari dira zerrendak osatzen. Irabazik aurreratu du otsailaren 7an aurkeztuko dituztela Arrasateko alkategaia –Juan Luis Merino, gaur egungo zinegotzia– eta beste herrietako zerrendetako "kide batzuk". Arrasateko Baleike-Ahal Duguko Igor Urizarrek, bestalde, dio oraindik ez direla hasi Arrasate mailan "hitz egiten alderdi bion artean" eta "prozesu propioa" daramatzatela. Otsaileko bigarren astean behin betiko emaitzak izango dituztela dio.