2015eko hauteskundeetan EH Bilduren zerrendako laugarren aurkeztu ostean, oposizioko zinegotzi izan da azken lau urteotan eta 2017ko irailetik udaleko jardunean dihardu liberazio partzial batekin. GOIENAri onartu dionez, zerrendaburu izateko proposamena ondo pentsatu behar izan du.
Horrekin batera, eta proiektu zehatzez harago, agintaldi honetako gobernuaren gabezia nagusia herritarrekiko lotura ezan kokatu du Artolak: "Hainbat proiektu estrategikotan ikusi da ez dela parte-hartze erreal bat egon".
EH Bilduk alkategaia zein izango den erabaki du eta orain, Artolarekin batera, hauteskundeetarako lantaldeak zerrenda eta herri programa osatzeko lanean jarriko dira, aldez aurretik lanketa bat eginda badute ere.
Otsailaren 8an Gorka Artola herriaren aurrean aurkezteko ekitaldia egingo dute, egun horretan bertan irekiko duten Irala kaleko bilgune berrian.
"Herrigintzan eragiten jarraitzeko gogoz"
Honela aurkeztu du bere burua EH Bilduren alkategaiak:
“Gorka Artola Alberdi naiz, 29 urteko bergararra.
Ingurune hurbilenean eragiteko grina ikasle garaitik datorkidala esango nuke. Agenda 21 edo Eskola Kontseiluan hasi nintzen iritzi ezberdinak entzun eta neureak ematen.
Automozioa eta Magisteritza ikasketak egin ondoren hainbat saltsatan ibili naiz: Herri mugimenduan arlo ezberdinetan parte hartzen, Gurutze Gorrian eta bereziki Euskal Udalekuetan bolondres, besteak beste.
Legealdi honetan Obra, Zerbitzuak, Hirigintza eta Ingurumeneko batzordeetako ordezkaria izan naiz. Arlo hauetaz gain, azken bi urteetan Irakasle lanak alde batera utzi eta zinegotzi bezala lan egin izanak udala hobeto eta modu integralago batean ezagutzeko aukera eman dit.
Ikasle garaian sortutako grinetik herrigintzan ikuspegi ezberdinetik eragiten jarraitzeko prest eta gogoz nago orain”.