ALBISTEAK

Maider Morras: "Arrasaten aurrera salto baten beharra dagoela ikusten dudalako eman dut baiezkoa"

Txomin Madina Milikua 2018ko abe. 19a, 20:55

Alderdiak Arrasaten lehen aldiz burutu duen prozesu baten bidez aukeratua izan ostean, gaur arratsaldean aurkeztu du ofizialki EH Bilduk 2019ko Udal hauteskundeetan bere alkategaia izango dena: Maider Morras Azpiazu. Hautagai izateko proposamena "ilusio handiarekin" hartu zuela adierazi du Morrasek, eta "oso motibatuta" dagoela gaineratu.

Arrasateko alkate izandako Xabier Zubizarreta, Ino Galparsoro eta Inazio Azkarragaurizar; Pello Urizar legebiltzarkidea; egun EH BIlduren zinegotzi direnak eta garai baten udalean ezker abertzalearen ordezkari izandakoak... Denak egon dira gaur udal hauteskundeetara begira EH Bilduren alkategai izango den Maider Morrasen aurkezpen ekitaldian.

Alkategai izateko proposamena ilusio handiarekin jaso zuela adierazi du Morrasek, eta erabakitzeko denbora bat hartu ostean, pozik eta oso motibatuta dagoela gaineratu. " Modernoagoa, lehen bezala herri aitzindaria izateko Arrasaten aurrera salto baten beharra dagoela ikusten dudalako eman dut baiezkoa ", azaldu du EH Bilduren alkategaiak. Gaineratu du, era berean, itxurak garrantzia duela uste arren, berarentzat eta alderdiarentzat herritarrak eta pertsonak "oso garrantzitsuak" direla. Zentzu horretan gabeziak ikusten dituztela nabarmendu du, eta herriaren beharrei erantzuteko proiektu bat aurkeztuko dutela.

Arrasaten lehenengoz egin den prozesuaren emaitza

Alkategaiak hitza hartu aurretik, alderdiaren hauteskunde batzordea osatu duten Joseba Ezpeletak eta Eider Zumaldek, herrian lehen aldiz egin den aukeraketa prozesua nola izan den azaldu dute. Martxoan erabaki zuen EH Bilduk alkategaien izendapena zehaztuko zuen araudia, eta Arrasaten ere horrekin egin dute bat. Hala, prozesuan parte hartu gura izan dutenek, izena eman ostean, euren proposamenak egin ahal izan dituzte. Gero zazpi kidez osatutako hauteskunde batzordeak aukeraketa bat egin du hainbat irizpide aintzat hartuta. "Herrian ezaguna izatea, profil zabalekoa, komunikatzaile ona, taldean lan egiteko gaitasun berezikoa eta kudeaketan aritutako arrasatearra izatea. Horixe da kontuan hartu duguna", azaldu du Eider Zumaldek. "Hainbat aukera zeuden eta ate batzuk jo ditugu, eta Maider aukera bikaina iruditu zaigu".

Maider Morras, hauteskunde batzordeko kide izan diren Joseba Ezpeleta eta Eider Zumalderekin.

 

Zerrendaren lanketa, urtarriletik aurrera

EH Bilduren hauteskunde batzordean sartuko da orain Maider Morras, eta urtarriletik aurrera hasiko dira udal hauteskundeetarako alderdiaren zerrenda osatzen. "Profil profesionala eta konpromiso politikoa duen jendea nahi dugu; aurrerakoia, ikuspuntu politiko batetik gu arduratzen gaituzten gaietan aditua eta konprometitua", azaldu du alkategaiak. Hauteskundeetara begira, helburua irabaztea dela adierazi dute aho batez bai Morrasek eta baita hauteskunde batzordeko kideek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak