ALBISTEAK

Ion Albizu da EH Bilduren Aretxabaletako alkategaia

Mirari Altube Arrese 2018ko aza. 7a, 20:38

Gaur iluntzean aurkeztu du alkategaia Aretxabaletako EH Bilduk: Ion Albizu Gonzalez. Azken agintaldian zinegotzi jardunean dihardu, eta lanerako gogotsu agertu da babesa agertu dioten hainbat herritarren aurrean.

Prozesu "zabal eta parte-hartzaile" baten ostean hautatu dute Albizu alkategai. "Hainbat aretxabaletarren izenak jarri dira mahai gainean, guztiak izen egokiak; eta azpimarratu behar dugu jendeak erakutsitako prestutasuna eta jarrera ikaragarri ona", adierazi du Inaxio Garrok, EH Bilduren hauteskunde batzordeko kideetako batek, eta pozik agertu da prozesuarekin eta horren emaitzarekin "ekarpen asko" jaso dituztelako. Esperientzia eta eskarmentua duen pertsona bat gura zutela alkategai izateko gaineratu du: "Gure herriko beharrak, premiak eta hobetzekoak ezagutzen dituen pertsona bat izan dugu buruan uneoro, esperientzia eta eskarmentua daukana, fidagarritasuna eta zintzotasuna erakusten duena eta transmititzen duena". Hala,aho batez adostu dutela ezaugarri horiek betetzen dituen zerrendaburu aproposena esan du: "Eta erronka handi honi heltzeko adorea eta gaitasuna duena".

Herriaren hobekuntza eta etorkizuneko erronkak

Nafarra da Albizu, Iguzkitzakoa; industria delineazioa ikasitakoa baina gero arlo sozialera salto egindakoa. Gizarte hezitzailea izateaz gain familia eta bikote terapeuta da. Herrigintzan ere jardundakoa da. "Eta Aretxabaletara etorri nintzenean izugarrizko aukerak dituen herri bat topatu nuen". Herri aberatsa dela dio, baliabide ugari dituena: naturan, industrian, hezkuntzan, kirolean... Eta aldi berean gizarte aurrerakoia: "Printzipio sendoak ditugulako, gizarte tolerantea garelako, parte hartzaileak garelako, sortzaileak, errealitatea kuestionatzen dugulako". Aurrera egiteko balio horietan oinarritu behar dela gaineratu du, jendearen "bizi baldintzak hobetzeko".

Horregatik EH Bilduren proiektuak bi bidetatik igaro behar duela aipatu du: "Herria hobetu behar dugu pertsonak hobetzeko; pausoz pauso, gauza txikitatik hasi, mimo handiz. Baina aldi berean etorkizuneko erronkei aurre egiteko bide bat zabaldu behar dugu". Eta erronka eta mehatxu batzuk aipatu ditu: "Gure kooperatibek eta enpresek ahal duten moduan egiten diote aurre mundu arrotz honi; gure merkataritza urtzen ari da; gizartea gero eta nagusiagoa dugu; gure gazte askok ez dute haine burua positibotzat hartzen; gure ingurumenarekiko dugun harremana krisian dago.." Erronka eta mehatxu horietako bakoitzetik aukera bat sortzen dela hobetzeko gaineratu du eta "arduragabekeria" litzatekeela erronka horiendako proiektu bat ez edukitzea: "Udalak halakoetan eragiteko ahalmena badu. Horregatik konbentzituta gaude hurrengo maiatzetik aurrera guk lideratuko dugula Aretxabaletako Udala. Duintasunez, ilusioz eta seriotasunez".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak