ALBISTEAK

EAJren Arrasateko alkategai ofizial bezala aurkeztu dute Maria Ubarretxena

Xabi Gorostidi 2019ko urt. 21a, 13:53

Alkatearentzat esanahi berezia duen Uribe auzoan egin dute aurkezpen ekitaldia, eta bertan Joseba Egibar Gipuzkoa Buru Batzarreko presidenteak ere hartu du parte. Ubarretxenak esan du "gogotsu eta ilusioz beteta" aurkezten dela, eta maiatzeko hauteskundetarako zerrendan aurpegi berri batzuk ere egongo direla aurreratu du. 

Lau urteko agintaldiaren ostean, Maria Ubarretxenak EAJko alkatagai bezala errepikatuko du 2019ko Udal hauteskundeetan. Gaur eguerdian egin dute aurkezpen ekitaldi ofiziala, Uribe auzoan, Ubarretxenak lotura berezia baitauka auzo horrekin. "Dakizuenez, ez naiz arrasatearra jaiotzez, baina arrasatear batekin nago ezkonduta, duela 15 urte. Nire senarra Uribe auzokoa da, eta beti izan dut auzo honekiko lotura berezi bat. Eta nahiz eta hemen jaio ez, Arrasaten 15 urte daramatzat, nire semeak hemen jaiotakoak dira, eta nire bihotza arrasatearra da. Guzti hori kontuan izanda, erabaki dugu ekitaldia Biterin, Kulturaten edo erdialdean egin beharrean, Uribe auzoan egitea". 

Irudia: Joseba Egibar, Maria Ubarretxena eta Maria Eugenia Arrizabalaga, Uribe auzoan egindako ekitaldian. 

Alkategaiaren aurretik, ordea, Gipuzkoa Buru Batzarreko presidente Joseba Egibarrek hartu du hitza, eta besteak beste esan du "ohorea" dela Gipuzkoako EAJrentzat Maria Ubarretxena alkategai moduan aurkeztu ahal izatea, bera izan delako "Arrasatek bizi izan duen aldaketaren ardatza". Ubarretxenak eta bere taldeak egindako agintaldiari buruz, honako aspektu hauek azpimarratu ditu: elkarrizketarako izandako gaitasuna, proiektu politikoa, eta erabakitasuna –arazo sozialentzako eta azpiegiturentzako–. "Maria izan da aldaketaren gakoa. Lau urte hauetan egindako lanak merezi izan du. Nik uste dut giro politikoa lasaitu egin duela, eta lehengoa baino hobeagoa dela orain. Etorkizunera begira badugu zer hobetu errespetuari dagokionez. Errespetua; giza eskubide guztiei, eta baita proiektu guztiei. Eta gu seguru gaude, Maria Ubarretxenaren eskutan uzten dugun testigu hori, leku onera eramango duela, arrasatearren onurarako" azaldu dio GOIENAri Egibarrek.

Profil berriak EAJren zerrendan

Maria Ubarretxenak azaldu duenez laster jakinaraziko dute Arrasateko zerrenda nortzuk osatuko duten, baina profil berridun aurpegiak izango direla aurreratu du. "Oraingo taldekide gehienek errepikatu egingo dute zerrendan, baina egongo dira aurpegi berriak, profil berriei erantzuten dietenak. Politika desprestigiatuta dagoen garai honetan, oso garrantzitsua da guretzat gure herri proiektuarekin identifikatuta sentitu diren herritar konprometituek gurekin bat egitea, eta gure lan-taldean ideia berriak sartzea. Herriari euren ekarpena egiteko gogo biziz daude, eta oso albiste ona izan da guretzat. Esan bezala, zerrenda osatuta daukagu, baina gure asanbleak onartu behar du lehenik eta behin".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak