Juan Zelaia hil da, gaixotasun luze baten ondorioz

Jokin Bereziartua Lizarazu 2016ko abu. 10a, 11:12

Bart hil da, gaixotasun luze baten ondorioz, Juan Zelaia Letamendi (Oñati, 1920) enpresari eta euskaltzale ezaguna. Ingeniaria ikasketez, hainbat enpresaren sorrerari eta jabegoari lotuta dago haren ibilbide profesionala, eta ezaguna egin zen euskal kulturaren aldeko hainbat ekimen sustatzeagatik. Hileta elizkizuna bihar, abuztuak 11, egingo dute Oñatiko San Migel elizan (19:00).

Cegasa, Tuboplast eta Hidronor enpresetako presidente izan zen Zelaia. Enpresari moduan izan zuen ibilbide oparoaz gainera, euskararen eta euskal kulturaren defendatzaile sutsua izan zen; Ikastolen edo UZEI Unibertsitate Zerbitzuetarako Euskal Ikastetxearen sorreran modu aktiboan hartu zuen parte, besteak beste. Euskal literaturaren arloan, Juan Zelaia Saria atera zuen Pamiela argitaletxeak haren omenez.

Horrez gain, kirolaren munduarekin ere lotura zuzena izan zuen, eta horren adibide da 1974an Ikurrina Everest mendatera igotzeko saiakera egin zuen Tximist espedizioa.

Era berean, Zelaiak oso harreman estua izan zuen euskal diasporarekin. Bere garaian adierazi zuenez, bizitza erdia baino gehiago egin zuen Amerikan edo Europan zehar:"Ni neu ere diasporako beste euskaldun bat gehiago naiz". Euskal Fundazioaren sortzaile, aurrez aipatutako eta bere izena daraman Juan Zelaia saiakera beka eta musika sorkuntzarako beka bat ere sortu zituen.

Bestalde, ardogintzaren munduan ere ekarpen handiak egin zituen Zelaiak. Getariako txakolinaren jatorrizko izendapena Gipuzkoa osora hedatzeko lanean aritu zen buru-belarri.

Egindako lanari errekonozimendua

Errekonozimenduei dagokienez, 2000. urtean Sabino Arana Saria eta Eusko Jaurlaritzaren Lan Onari aitortza eman zioten. Bi urte beranduago, 2002an, Gipuzkoako Diputazioaren Antton d’Abbadia saria jaso zuen eta 2003an, Gipuzkoako Urrezko Domina eman zion orduko Ahaldun Nagusi Joxe Juan Gonzalez de Txabarrik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak