ALBISTEAK

Valogreene enpresari emandako ingurumen-baimena baliogabetu du EAEko Auzitegi Nagusiak

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko mai. 29a, 09:42

Eusko Jaurlaritzari jarritako errekurtsoaren aldeko ebazpena jaso du Bergarako Udalak. Haren hitzetan, horrek berresten du Valogreene proiektua ez dela hirigintza planteamenduarekin bateragarria, "eta administrazioaren oinarrizko prozedurak urratu dituela". Ekologistak Martxan taldea ere "pozik" dago, eurek jarritako 11 alegazioetatik hiru onartu baitizkiete.

Eusko Jaurlaritzako Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak Valogreene Paper enpresari emandako ingurumen baimen bateratua baliogabetu du Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak, Bergarako Udalak adierazi duenez. Hain zuzen ere, Gorka Artola Bergarako alkateak gaur eguerdian egin ditu Larramendi auziari buruzko adierazpenak, eta epaia "oso positibotzat" jotzen dutela aipatu du: "Interes orokorren alde lanean jardun dugula indartzen du sententziak, eta aitortzen du bergararren, Bergarako planeamenduaren, ingurumenaren eta osasunaren defentsan egindako lana zilegi izan dela. Aitortzen ditu ikusten genituen errezeloak, eta nolabait indartzen gaitu hartutako posizioetan".

Hiru puntu dira "bereziki" aipatu beharrekoak sententzian, Artolaren hitzetan: "Batetik, hirigintza bateragarritasunaren dokumentu ezaren presentzia aitortzen du, tramitazioan beharrezkoa dena, eta horrek baliogabetasuna dakar. Bigarrenez, Eusko Jaurlaritzak emisioen inguruko arautegi baten salbuespenak aplikatzeko aukerak zabaltzen dizkio proiektuari, baina adierazten da ez dagoela nahikoa justifikatuta, eta, horrenbestez, neurri eta mekanismo zorrotzagoak beharko lituzkeela. Eta azkenik, nahiz eta sententzian eragin zuzenik ez izan, hasieratik esan duguna aitortzen du: ez da aktibitate industrial bat bere horretan, baizik eta hondakinen gestiorako azpiegitura bat".

Eguerdian eginiko agerraldian, Artolarekin batera, Ainhoa Lete alkateordea ez ezik, Jose Maria Abad eta Ana Goñi abokatuak izan dira, auziaz arduratu direnak. Prozeduraren berri eman du Abadek, 2021etik hasita, eta jakinarazi du sententziaren aurkako kasazio helegitea aurkezteko aukera duela Jaurlaritzak, Espainiako Auzitegi Gorenean, 30 eguneko epean. Halere, itxaropentsu dago Artola: "Behin-betikoa izan daitekeenaren esperantza daukat. Egia da kasaziorako aukera badagoela, baina oso indartsua da sententzia bera, ez bakarrik formako kontutan, fondoko kontutan ere sartzen baita, eta horrek uste dugu badituela eragin efektiboak, praktikoak ere. Halere, ikusiko dugu ze pauso ematea erabakitzen duen Jaurlaritzak".

Prozedura "ez da erraza izan"

Udalaren hitzetan, "gardentasunez eta zuhurtasunez" jokatu dute prozedura guztian zehar, "herritarren interes orokorra" lehenetsita, "erraza izan ez den arren", alkateak zehaztu duenez. "Batzuek uste zuten Bergarako Udala ez zela gai izango Jaurlaritzaren eta enpresa handi baten aurrean tinko eusteko. Baina erakutsi dugu gauzak ondo eginez, gauzak bere onera ekartzeko aukera egon daitekeela. Eta hori nabarmendu nahiko nuke berriz ere: zintzotasunez, legearen barruan eta interes orokorraren defentsan egin dugu lan". Era berean, udalaren jarrera "zalantzan" jarri izana gaitzetsi du, udaleko teknikariekin elkarlanean egindako lana eta euren profesionaltasuna "funtsezkoak" direla iritzita. "Hala, frogatu dugu herri baten duintasuna eta etorkizuna defendatzeko administrazio txiki batek ere asko egin dezakeela. Eta horixe izan da gure konpromisoa hasieratik".

Herri modura "denbora eta aukera baliotsuak galdu" direla nabarmendu du Artolak, Larramendiko industriagunean "kalte konponezina" eragin duela Valogreene proiektuak azken urteotan, "administrazioen artean beste era batera kudeatu zitekeen prozesua epaitegietara iritsi" den arte. Hala ere, uste du "aukera berriak" zabaltzen direla: "Epaia ez dadila soilik iraganari buruzko ondorioa izan: etorkizunerako aukera berri bat zabaltzen da. Larramendiko guneari beste ikuspegi batekin begiratu ahal diogu orain, bestelako proiektu batzuk garatzeko aukerarekin. Gaurtik aurrera, Larramendi Bergarako ehun industrialaren eta garapen sozioekonomikoaren mesedetan jartzen hasteko unea da".

Ekologistak, "pozik"

Udalak ez ezik, Ekologistak Martxan taldeak eta bi norbanakok ere auzitegietara jo zuten, eta atzo jaso zuten ekologistek ere epaia. Carlos Arribasek, Ekologistak Martxan taldeko bozeramaileak eta bergararrak, Alacanten (Herrialde Katalanak) bizi den arren, "pozik" daudela adierazi du: "Epaitegiak emandakoa epaia ospatu egiten dugu, guk jarritako 11 alegazioetatik hiruri arrazoia ematen baitiote". Haren hitzetan, batetik, "epaiak onartzen du proiektua bateraezina zela Larramendi industrialdeko eta Bergarako Plan Orokorreko hirigintza-araudiarekin, udal-arkitektoak bi txostenetan eta zenbait udal-dekretutan ezarri zuen bezala", eta bestetik, instalazioa kokatzeko alternatiben inguruko azterketarik egin ez dela ere onartu dute: "Ekologistek aurkeztutako errekurtsoa baiesteko beste arrazoi bat da ez dagoela proiektatutako instalazioa kokatzeko alternatiben azterlan egokirik, Bergara eta Larramendi industrialdea izan baitziren aztertutako kokapen bakarra".

Bada epaitegiak onartutako hirugarren alegazio bat ere, Arribasek garrantzitsutzat jotzen duena: "Funtsean, hondakinak errausteko instalazio bat da, hizki guztiak kontuan hartuta, Eusko Jaurlaritzak eta promotoreak hasieratik halakorik ukatu duten arren".

Ekologistek, horrez gain, gogora ekarri dituzte Amaia Barredo –Ingurumen Jasangarritasunerako sailburuordea zen ingurumen baimen bateratua eman zionean Jaurlaritzak enpresari, eta berak zuen sinatua dokumentua– eta Javier Agirre Orcajo, Ingurumen zuzendari ohia, auzibidea irekita egon baitzen bien esku hartzeagatik Larramendi auzian: "Epai hau –oraintsu emandakoa–, nolabait, kontraesanean dago Arlo Zibil eta Penaleko Salaren 2024ko irailaren 25eko EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren autoarekin. Auto horrek uko egin zion Amaia Barredo sailburuorde forudunaren prebarikazio administratiboko delitu-zantzuak ikertzeari, zeinak orain baliogabetutako ebazpena eman baitzuen, eta Gasteizko Fiskaltzak salatua izan zen 2023ko martxoaren 23an. Barredok berak eman zituen, Javier Agirre Orcajo Ingurumen Kalitatearen zuzendariarekin batera, orain baliogabetu diren ebazpenak. Ebazpen horiengatik biak salatu eta ikertu zituzten".

Larramendi auzia, 2021ean hasia

2021eko ekainean aurkeztu zion Greene Waste To Energy enpresak udalari industriarako karga mineralen ekoizpen ekologikorako jarduera eskaria, Larramendiko industrialdean gauzatzeko asmoz, eta hor jasotzen zenaren arabera, instalazio horrek paper industriaren hondakinak deuseztatuko zituen pirolisiaren eta errekuntzaren bitartez. Udalak hirigintza-bateragarritasun ziurtagiria eman zion uztailean, egitasmoa begi onez ikusi ondoren, baina azaroan jakinarazi duen bertan behera utzi zuela Valogreene enpresari emandako baimena, udalari aurkeztu zizkion jarduerak ez zetozelako bat ingurumen baimen integratua lortzeko Jaurlaritzan egin zuen eskariarekin. Udalak azaroaren 22an aurkeztu zituen alegazioak Jaurlaritzan, eta, aldi bertsuan, baita Ekologistak Martxan taldeak eta Bergarako bi norbanakok ere.

Jaurlaritzak 2022ko apirilean eman zion enpresari ingurumen baimen bateratua, eta planta eraikitzeko beharrezkoak zituen baimenak lortu ondoren, instalazioa eraikitzeko prest zegoela azaldu zuen. Udalak, bere aldetik, adierazi zion errekurtsoa jarriko ziola Jaurlaritzaren erabakiari, eta hala egin zuen 2023ko martxoan, EAEko Auzitegi Nagusian demanda jarrita.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak