Amaia Barredo Arabako Ingurumen diputatua ari dira ikertzen, Larramendiko auziarengatik

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko uzt. 6a, 11:50

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordea izan da orain arte Barredo, eta Ecologistas en Accion taldeak ohar bidez jakinarazi duenez, kargu horretan zela Bergarako hondakin instalazioen kudeaketan ustezko prebarikazio administratiboaren delitu bat egin izanaren zantzuak aurkitu ditu fiskaltzak. Horrek kargu publikoa betetzeko debekua dakar.

Euskal Herriko Ekologistak Martxan taldearekin konfederatuta dagoen Ecologistas en Accion taldeak 2022ko apirilean jarri zuen salaketa paper-fabriketako hondakinak balorizatzeko planta bat sortzeko emandako baimenarengatik, Larramendiko Arnasa plataforma osatzen duten herritarrekin batera. Eskaeraren arabera, "industriarako karga mineralak ekologikoki ekoizteko" planta bat sortzeko baimena eman zen, baina ekologistek prozesuan izandako urratsen berri eman dute.

Ezberdintasunak agerian

Haien arabera, Valogreene Paper BC, SL enpresak IBB Ingurumeneko Baimen Bateratua emateko eskaria egin zion Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailari 2021eko abuztuan, "kareharrizko materiala ekoizteko jarduera garatzeko", Bergaran. Horretarako, hasierako proiektu bat aurkeztu zuen, baina ekologistek azaldu dutenez, salaketan jasotakoaren arabera, jendaurrean jarritako dokumentazioan bestelakoa zen jarduera: "2021eko ekaineko eskaeran deklaratutakoan bestelako jarduera bati erreferentzia egiten dion proiektu bat aurkeztu zen". Zehazki, 155.060 tona lohi eta hondakin erraustea planteatzen da zazpi paper-fabriketan.

Bergarako Udalak, aldaketaren aurka, kontrako ebazpena eman zuen hirigintza-bateragarritasunari buruzko txosten negatiboa aurkeztuta. Alabaina, Jaurlaritzak ez zion men egin, "kareharrizko materiala ekoizteko jarduerarako" baimenarekin aurrera egin zuelako. "Eusko Jaurlaritzak Valogreene Paper proiektuarekiko izan duen jarrera ez da neutrala izan; aitzitik, ekimen horri emandako laguntza osoa izan da, hainbat fronte gogoan izanda: laguntzak eta diru-laguntzak, eta erakundeen eta komunikazioaren babesa", azaldu dute ekologistek.

Beraz, jakinarazi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri dutela enpresa horri emandako baimenaren aurka, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusia baimena izapidetzen ari dela.

Ikerketaren nondik norakoak

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak ere berretsi du auzitegian martxan dela Barredo jo-puntuan duen ikerketa, baina baita Javier Agirre Jaurlaritzako Ingurumen Kalitate zuzendaria ere, bi kargu publikodunak baitaude ikerketapean. Are gehiago, Bergarako Udalak ere gauza bera nabarmendu du, ikerketa abian dela, eta, beraz, "zuhurtziaz" jokatuko duela; ez du baloraziorik egingo.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak