Larramendiko plantarako baimena baliorik gabe utzi du Bergarako Udalak

Jokin Bereziartua Lizarazu 2021ko aza. 3a, 10:30

Udal gobernuko kideak gaurko agerraldian.

Azaroaren 2ko Alkatetza Dekretu bidez baliorik gabe utzi du Bergarako Udalak Valogreene Paper BC, S.L enpresari Larramendi industrialderako emandako hirigintza-bateragarritasunari buruzko txostena. Baimena baliorik gabe uztearen ondorio nagusia da enpresak tramitazio guztia zerotik hasi beharko duela. Herritar talde batek deituta, elkarretaratzea egingo dute azaroaren 4an, San Martin plazan (19:00), Bergarako Larramendin erraustegirik ez lelopean.

Udal Gobernuak azaldu du zein izan den hirigintza-txostena baliorik gabe uzteko arrazoi nagusia: "Aipatutako txostena egiteko adierazitako jarduera ez dator bat ez ingurumen-baimen integratua lortzeko proiektuan jaso den jarduerarekin, ez eta irailaren 23an EAEko Aldizkari Ofizialean jendaurrean jarritako jarduerarekin ere. Ondorioz, hirigintza-bateragarritasunaren txostena eskatu zuen sustatzaileari garatu nahi duen jardueraren araberako beste txosten-eskaera bat egin dezala jakinaraziko zaio". Enpresari jakinarazi zaio, eta baita Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariari ere, eta proiektuari alegazioak egin dizkiotenei ere horren berri emango zaie.

Jaurlaritzak dio industria hondakinak tratatzeko planta gehiago behar direla

Azaroaren 2ko gobernu bileraren ostean egindako adierazpenetan, Eusko Jaurlaritza industria hondakinak tratatzeko "hamar proiektu edo planta" eraikitzeko aukera aztertzen ari da. Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburu Arantxa Tapiak adierazi zuen Jaurlaritzak aurreikusten dituen hamar planten barruan, Bergarakoa dela guztietan aurreratuen dagoen proiektua; Tapiak atzo azaldu zuenez, gainera, Europar Batasunaren oniritzia du.

500 bat alegazio erregistratuta Bergaran, eta 2.000ra bidean

Auzotarrek bilera egin zuten atzo, azaroak 2, San Juan auzoko ermitan. Hirigintza txostena baliorik gabe geratuta ere, planta ez eraikitzeko lanean jarraituko dutela adierazi diote GOIENAri: "Aurrera jarraituko dugu gure ekimenekin. Tramitazioan aipatzen diren akatsak zuzentzen baditu enpresak oraindik ere aukera legoke plantak aurrera egiteko eta alegazioekin eta sinadurekin jarraituko dugu". Diotenez, 500 bat alegazio erregistratu dituzte dagoeneko udaletxean Eusko Jaurlaritzako ingurumen sailera bidaltzeko baina 2.000 alegazio inguru izango direla aurreikusten dute. "Goiz eta arratsalde aritzen gara udaletxean alegazioak aurkezten, prozesua geldoa da-eta".

Sinadura bilketa Iralan, asteburuan zehar.

Azaroaren 8ra arteko epea dago alegazioetarako eta hamabost eguneko luzapena eskatu badute ere, auzotarrek ez dakite oraindik luzapena helduko den. "Gaiaz dakitenek esan digute Jaurlaritzak azken egunera arte itxaron dezakeela erabakiaren berri emateko. Zain gaude".

Prozedura zein izan den, Udal Gobernuaren arabera

Era berean, Udal Gobernuak ekainaren 11tik gaur egunera arteko prozedura zein izan den azaldu du: "Hirugarren batek Greene Waste To Energy, SL enpresaren izenean –Bergarako jarduera egingo lukeen Valogreene Paper BC, SL-ren enpresa erroa– 2021eko ekainaren 11ko udal-erregistro sarrerarekin, Larramendi industrialdeko H partzelan industriarako karga mineralak ekologikoki ekoizteko planta bat ezartzeko hirigintza-kontsulta aurkeztu zuen. 2021eko irailaren 23an EAEko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen Eusko Jaurlaritzako lngurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren iragarkia, non horren bidez jendaurrean jartzen den Valogreene Paper BC, S.L. enpresak aurkeztutako proiektu teknikoa eta ingurumenaren gaineko eraginaren azterlana, Bergaran arriskutsuak ez diren hondakinak kudeatzeko jardueraren ingurumen-baimen integratua eskatzeko".

Beste data azpimarragarri bat, Udal Gobernuaren arabera, urriaren 25ekoa izan zen: "Udal arkitekto zerbitzuburuak 2021eko urriaren 25ean beste txosten bat egin zuen, eta bertan ohartarazi zuen hirigintza-bateragarritasunaren txostenaren eskaera honako jarduera honetan oinarrituta egin zela: industriarako karga mineralak ekologikoki ekoizteko jarduera garatzeko industria-establezimendu bat ezartzea"

Udal arkitektoaren txosten horretan adierazten denez, ingurumen-baimen integratua eskatzeko aurkeztu den proiektua honako hau da: "Proiektu teknikoa eta ingurumen-inpaktuaren azterketa, ingurumen-baimen integratua lortzeko eta ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiteko, Valogreene Paper BC, S.L. enpresaren Bergarako instalazioko paperaren azpiproduktuen tratamendu-jarduerarako". 

Beste alde batetik, txosten horretan udal arkitektoak dioenez, 2021eko irailaren 23an EAEko Aldizkari Ofizialean argitaratutako Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren iragarkian dio jendaurrean jartzen direla Valogreene Paper BC, S.L. enpresak aurkeztutako proiektu teknikoa eta ingurumenaren gaineko eraginaren azterlana, Bergarako udalerrian arriskutsuak ez diren hondakinak kudeatzeko jardueraren ingurumen-baimen integratua eskatzeko. 

Azaldutakoaren arabera, udal arkitekto zerbitzuburuak txosten horretan proposatzen du uztailean egindako hirigintza-bateragarritasunari buruzko txostena baliogabetzea, eta eskatzea argitu dezatela zein den garatuko den jarduera eta hirigintza-bateragarritasunari buruzko beste eskaera bat egin dezatela. Txosten horri jarraituz erabaki da Udalak alkatearen dekretu bidez emandako baimena baliorik gabe uztea.  

Elkarretaratzea azaroaren 4an

Datozen ekitaldien artean, sinadura bilketez gain, elkarretaratzea deitu dute eguen honetarako, azaroak 4, San Martin plazan (19:00), Bergarako Larramendin erraustegirik ez lelopean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak