"Atsekabe handiz" hartu dute berria alderdian, eta Ardanza, "pertsona ona, zintzoa, bakezalea, jeltzalea, abertzalea" zela azpimarratu dute.
Arrasateko alkatea, ahaldun nagusia eta lehendakaria
Arrasaten hasi zuen ibilbide politikoa Ardanzak, izan ere, 1979ko udal hauteskundeetan alkate aukeratua izan zen. 1983an alkate izateari utzi eta Gipuzkoako ahaldun nagusi kargua hartu zuen, eta hortik, lehendakaritzara. Lehendakari moduan urte gehien eman dituen politikaria da Ardanza, izan ere, Eusko Jaurlaritzako buru izan zen lau legegintzalditan, 1985 eta 1999 artean.
2011n Goienan izan zen Euskadi Bihotzean liburuaren aurkezpenaren harira. Arrasateko alkatea izan zen sasoiari buruz galdetutata "oso garai latzak, zailak" izan zirela aitortu zuen orduan.
Duela bost urte, 2019ko apirilaren 5ean, Arrasateko alkatea moduan omenaldia jaso zuen Eudelen eskutik Gernikan, 1979ko gainontzeko alkateekin batera.
Orduan azaldu zuen, bi sentimendu nagusitzen zitzaizkiola Arrasateko alkate izan zeneko garaia gogora ekarrita: "Batetik, poztasun itzela. Hauteskundeak "ilusio handiz" hartu zituztelako eta pentsatzen zutelako "demokraziarekin eta askatasunarekin" arazo guztiak konponduko zituztela. Gero, ordea, "errealitatearekin topo" egin zutela zihoen, eta Udalen egoera ez zela "inondik ere" beraiek espero zutena. Halaber, gaineratu zuen, egoera politikoa "nahasia" zela; hasieran "amorru itzela" zegoela eta "osoko bilkurak oso gogorrak" izaten zirela. Baina gero, apurka-apurka, "ikasten" joan zirela guztiak eta "geroz eta hobeto konpontzen" hasi zirela argitu zuen.
Dolumin mezuak
Eusko Jaurlaritzak hiru dolu-egun ezarri ditu, eta hil-kapera eguazten goizean jarriko dela Ajuria Enea jauregian iragarri dute. Hileta-elizkizuna, ostera, eguazten arratsaldean izango da haren jaioterrian, Elorrion.
Arrasateko Udalak doluminak eta babesa helarazi gura izan dio familiari eta lagunei:
Jose Antonio Ardanza Arrasateko alkate ohia hil da gaur. Arrasateko Udalak doluminak eta babes guztia eskaini nahi die familia eta lagunei. Bere omenez ikurrina masta erdian jarriko da Udaletxeko balkoian eta minutuko isilunea egingo du udalbatzak biharko plenoan.
— Arrasateko Udala (@ArrasatekoUdala) April 8, 2024
Eider Mendoza ahaldun nagusiak ere mezua zabaldu du sare sozialetan:
Lehendakari gisa, nahiz alkate eta diputatu nagusi bezala, irmoki defendatu zituen euskal erakundeak eta autogobernua. Indarkeriaren garai gogorretan, bakearen eta elkarbizitzaren defendatzaile nekaezina. Doluminak bihotzez senide eta lagunei. Agur eta ohore, Ardanza lehendakaria pic.twitter.com/N0OzZx1OpY
— Eider Mendoza Larrañaga (@EiderMendoza2) April 8, 2024