1979ko alkateak gogoan, 40. urteurrenean

Eneko Azurmendi 2019ko api. 1a, 11:15

Eli Galdos, Jose Antonio Ardanza eta Jose Antonio Zabala. Argazkiak: Oñatiko, Arrasateko eta Bergarako Udal Artxiboak.

Egubakoitzean, apirilak 5, diktaduraren ondoren egin ziren lehen udal hauteskundeen 40. urteurrena ospatuko du Euskadiko Udalen Elkarteak Gernikako Batzarretxean, eta demokrazia garaiko lehen alkateak omenduko dituzte, egin zuten lana balioan jarrita.

Francoren diktadura luze baten ostean, 1979ko apirilaren 3an egin zituzten demokrazia garaiko lehen udal hauteskundeak, duela 40 urte. Hain zuzen ere, urteurren hori gogora ekarriko dute datorren apirilaren 5ean Gernikako Batzarretxean egingo duten ospakizun ekitaldian –12:00etan hasiko da–.

Eudel-ek, Euskadiko Udalen Elkarteak, antolatu du ekitaldia. Hala, legegintzaldi honetako azken batzar nagusia egiteaz gain, Euskadiko udalentzat "balio historiko eta sinboliko handia" duen egun bat gogoratuko dute egubakoitzean.

1979an, 228 udalerrik osatzen zuten Euskal Autonomia Erkidegoa. Beraz, 228 alkateri egingo diete omenaldia –horietatik lau bakarrik ziren emakumeak–. "Nolanahi ere, lau hamarkada hauetan zehar Euskadiko udalerriek aurrera egiteko jardunean aritu diren 2.400 alkateri baino gehiagori ere zabalduko zaie aitortza hori", dio Imanol Landa Eudeleko elkarteburuak. "Gizartearen denboran heldu gara, eta, honezkero, udalak ez dira zerbitzuak ematen dituzten administrazioak huts-hutsik. Herritarrentzat, beraiengandik hurbilen dagoen gobernua gara; beren udalerriaren errealitateari itsatsita lan egiten duena eta udalerriaren buru dena, betiere, herritarrekin, eragile sozialekin eta gainerako erakundeekin erlazioan", gaineratu du.

Makila, eskuz esku, 40 urtez lemapean, "makilaren ondarea" izango da omenaldiaren haria. Landaren esanetan, "eskuz esku" transmititzen da, herritarrekiko konpromisoaren "sinbolo gisa" ez ezik, "bidaide" gisa ere bai, "herrien eta hirien etengabeko hobekuntzarako eta garapen iraunkorrerako zereginetan".

Hauteskundeak Debagoienean

Lehen udal hauteskunde haietan, EAJ nabarmendu zen guztien gainetik. Debagoienari dagokionez, udalerri guztietan gailendu ziren jeltzaleak, Elgetan izan ezik. Izan ere, Patxi Basauri independente moduan aurkeztu zen hauteskunde haietan, eta hark irabazi zituen. Basauri izan zen, hain zuzen, hauteskunde haien ostean karguari eutsi zion bakarra –beheko taulan ikusten denez–.

Bizipenak, lehen pertsonan

Gernikako ekitaldian, 1979ko eta egungo alkateetako batzuek bizipenak eta egoerak trukatuko dituzte. Orduko alkateen izenean, Jose Antonio Ardanzak hartuko du hitza, hauteskunde haien ostean Arrasateko alkate kargua hartu zuenak, hain zuzen. "Garai haiek nolakoak izan ziren gogoratuko dugu", azaldu du. Bi sentimendu nagusitzen zaizkio. "Batetik, poztasun itzela. Hauteskundeak ilusio handiz hartu genituen, eta pentsatzen genuen demokraziarekin eta askatasunarekin arazo guztiak konponduko genituela. Gero, ordea, errealitatearekin topo egin genuen, eta ez zen inondik ere guk espero genuena".

Hasiera hartan "zailtasun handiak" izan zituztela azpimarratu du. "Hasierako urteak oso zailak izan ziren. Udalak zorrez beteta zeuden, baliabide gutxi genituen eta arlo askotan hutsetik abiatu behar izan genuen. Gainera, langabezia-tasa altua zen, Arrasateko biztanleria asko jaitsi zen urte gutxitan, drogak gogor jo zuen garai hartan eta mendekotasuna zuten gazte askok. Indarkeria ere handia zen".

Egoera politikoa nahasia zen, Ardanzaren esanetan. "Hasieran amorru itzela zegoen eta osoko bilkurak oso gogorrak izaten ziren. Gero, apurka-apurka, ikasten joan ginen guztiok eta geroz eta hobeto konpontzen hasi ginen". 1981eko estatu kolpea ere gogoan du. "Guztia pikutara joango zela pentsatu genuen, baina, azkenean, susto bat bakarrik izan zen", dio.

"Garai berri bat"

Jesus Mari Herrasti orduko Aretxabaletako alkateak oroitzapen onak ditu. "Oso esperientzia aberasgarria izan zen hura niretzat. Garai berri bat hasi genuen, eta gauza berria zen guretzat. Aukera paregabea izan zen gauza asko egiten hasteko, zerotik edo ia zerotik. Izan ere, ordura arte ez zegoen hainbeste baliabide eta hainbat gauza geldik zeuden. Horrez gain, gogoratzen naiz gu sartu ginenean 19 milioi pezetako aurrekontua genuela. Oso diru gutxi zen hori 6.000 biztanleko herri batentzat", adierazi du.

Oro har, instituzioak "martxan jartzen" ari ziren oraindik. "Mankomunitatea ere martxan jarri zen, eta Debagoieneko herritako alkateekin harremanak sortu genituen, hainbat proiektu martxan jartzeko. Elkarri laguntzen genion, egoera guztiontzat zelako berria, eta hori oso gauza polita izan zen. Gero, pixkanaka, forma hartzen joan zen guztia", azpimarratu du.

"Arazo potolo" bat zegoen garai hartan: ur falta. "Urkuluko urtegia oraindik egiteke zegoen, eta arazo handiak izan genituen urte batzuetan. Orain ez ditugu halako gauzak hainbeste apreziatzen, baina... Orain normalak diren gauza asko garai haietan ez zeuden. Saihesbiderik ez zegoen, trafiko guztia kaletik pasatzen zen, eta abar".

Hautesle-erroldaren eboluzioa

Duela 40 urte, 1.547.472 pertsona deitu zituzten bozetara –%62,02k eman zuten botoa–, 228 udalerritako ordezkariak aukera zitzaten. Guztira, 2.428 hautetsik ordezkatu zituzten, 26 talde politikok eta independenteek.

2015eko udal hauteskundeetan, berriz, hautesle-errolda 1.726.764 pertsonak osatu zuten –%63,84k eman zuten botoa–. 251 udal zeuden orduan, egun 2.633 hautetsik osatzen dituztenak –bederatzi alderdi politiko eta independenteak–.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak