Euskal Autonomi Erkidegoko 70 alkate ohi baino gehiago elkartu dira Gernikako Batzar Etxean, gaur egungo batzuekin batera. Belaunaldi arteko "topaketa historikotzat" jo du Eudelek. Imanol Landak, Eudeleko elkarteburuak, alkate horien lana goretsi du eta aitorpen bateratua egin die.
Lau emakumezko eta 224 gizonezko hautatu zituzten alkate diktaduraren ondorengo lehenengo udal hauteskunde demokratikoetan (1979ko apirilaren 3a). "Euskal udalgintza berriaren oinarriak ezarri zituzten eta autogobernua nahiz gaur egun indarrean dagoen sistema instituzionala eraikitzeko itzelezko urratsa egin zuten", adierazi dute Eudeleko ordezkariak. Hala, udal demokraziaren 40. urteurrenaren harira sasoi hartako alkateak omendu gura izan dituzte. Hain zuzen 40 urteko ibilbide hori islatzeko, sei alkateren lekukotzak jaso dituzte, besteak beste, Arrasateko alkate izan zen Jose Antonio Ardanzarena.
Ekitaldia girotu du Olatz Salvador abeslariak, eta opari bana jaso dute elkartutakoek. Era berean, Gernikako aitortza horretan egoterik izan ez duten alkateak izan ditu gogoan Eudelek, eta 228 izenekin eta 1979ko irudiekin osatutako bideoa erakutsi dute.