Jose Antonio Ardanza: "Oso garai latzak, zailak, izan ziren guretako Arrasateko alkate izan nintzenekoak"

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko abe. 5a, 11:48

Euskadi Bihotzean argitaratu berri du. Bere memoria liburua. Caja Laboraleko buruetako bat, Arrasateko alkate, Gipuzkoako ahaldun nagusi, Lehendakari eta oraintsu arte Euskalteleko presidente izan denak egin digu kontakizuna, barren-barrenetik, bihotzetik.

Euskadi Bihotzean liburuak baditu pasarte batzuk bailara honekin lotura zuzena dutenak…
Urte asko, nire gaztarokoak-eta, bizitza profesional eta politiko-publikokoak, Arrasaten daude kokatuta. Une gogorrak bizi genituen, 1969an, 1970ean… Lehen grebak kooperatibetan… Baina gehienak onak izan ziren, batez ere kooperatibak handitzen, hazkundean hasi zirelako… Garagartzako planta-eta sasoi haietakoak dira. Une indartsua izan zen. Arrasate jarri zen, kooperatibei esker, gaur kanpotik Mondragoeko esperientzia ezagutzera.

Militantzia politikoa klandestinitatean eman zenuen Francoren garaian. Emaztea ere, zelanbait esatearren, engainatuta eduki zenuen…
Bai, egia da, politikan sartuta nengoen Francoren denboran, klandestinitatean, isilean, ezizenak erabiltzen genituen… 1961ean sartu nintzen, 20 urterekin, eta 1965ean jauzi zen gure erakundea. Ezkutatuta, kontu handiz, ibili behar izan nintzen. Emaztegaiak ere ez zekien ezer. Jakin zuenean, disgustu itzela jaso zuen. Negarrak… Neuk ere bai, jakina. Nire bizitza pikutara zihoala uste nuen, horregatik esan nion emaztegaiari ahazteko nirekin. Ez nekien non amaituko nuen, kartzelan, Frantziara ihes egin beharko nuen…

Mondragoeko alkate izan zeneko urtea gogoratzeko atalari Ducados batek irauten duen denbora jarri diozu izenburua. Zergatik?
Garai latzak, zailak, izan ziren guretako Arrasaten. 1979tik 83ra bitarte izan nintzen alkate. Osoko Bilkuretan istilu handiak izaten ziren. Hasten nintzenean berbetan, zarataka hasten zen jendea, Presoak kalera!, Lemoiz apurtu! eta halakoekin. Baina, ostera, Arrasatek, herriak, premia handiak zituen. Gauzak zela zihoazen ikusita, erabaki nuen, isiltzen ez baziren Plenoa bertan behera utziko nuela. Hala egiten nuen. Zarataka hasi orduko, zigarro bat piztu eta berdin jarraitzen bazuten, Osokoa amaitutzat eman eta etxera!

Diputatu nagusi izan zenekoaz, zer gogoratzen duzu?
Udaleko agintaldia amaitzera zihoala, Diputaziorako deitu ninduten. Ez nuen nahi, ze, besteak beste, nire familiak asko sufritu zuen sasoi hartan. Arrasaten bizi nintzen, Arrasate kalean. Eta sarri etortzen ziren etxe aurrera: Ardanza cabrón, sal al balcón oihu egitera. Bospasei urteko seme-alabendako ez zen gozoa. Baina Foru aldundiko lana lasaiagoa izan zen. Udaleko lana lubakietan egotea modukoa izan zen.

Zela baloratzen dituzu azken hauteskundeetako emaitzak?
Pozik nago. Hiru arrazoirengatik. Batetik, leheneko aldiz, ETAren indarkeriarik barekoak izan direlako eta denok aukera izan dugulako hauteskundeetan parte hartzeko. Bestetik, mapa argitu da eta lau ardatz zehaztu dira, bi espainolistena eta beste bi aukera abertzaleena. Hori positiboa da. Normalizazioaren seinale. Hirugarren arrazoia da lehenengo aldiz Espainiako hauteskundeetan euskal abertzaletasunak irabazi diola espainol abertzaletasunari.

Bilduren nagusitasuna Gipuzkoan?
Demokraziaren ostean, hasierako urteetan, nahiz eta askok uste izan gure alderdia zaharrez osatua zela, lehen indar izan ginen, nagusitasun osoz. Ni alkate izan nintzen 11 zinegotzirekin, erabateko gehiengoz. Orain, zikloa aldatu da hemen. Demokrazia guztietan gertatzen da. Normalak dira halako gorabeherak. Gainera, orain ez da indarkeriarik eta gauzak normaldu dira. Politika normaltzen doan heinean, ohikoak izango dira batzuek goian eta beste batzuek behean egotea, eta alderantziz. Herriak, batzuetan, gauza batzuk baloratzen ditu eta beste batzuetan, beste batzuk. Gure alderdia jaitsi egin dela? Normaltasunaren barruan kokatu behar dugu.

Eta EBBtik Gipuzkoako EAJri egin zaizkion kritikak orain arteko estrategiaren gainean?
Ez noa holakoetan sartzera. Gure Herriak izan ditu bi arazo gainditzekoak, Lehendakari izan nintzeneko sasoian ere. Batetik, eguneroko arazoak, langabezia-eta. Arazo urgenteak. Bestetik, arazo inportanteak. Duela ehun urte baino gehiagotik, Herri bezala, dugun arazoa. Politikariak jakin behar du, unean une, zelako arazoei eman garrantzia. Herria, burujabetza, independentzia… behin eta berriro bagabiltza horrekin eta ahazten badugu egunerokoa, pertsonaren beharra, txarto gabiltza. Une honetan, arazo larria dugu merkatuak, euroa, gure enpresak direla, langabezia dela… Iñigo Urkulluren deia testuinguru horretan kokatu behar da.

Batez ere bi konturengatik dira ezagunak zure agintaldiak lehendakaritzan: batetik, sozialistekin batera gobernatu zenuelako. Zer moduz?
Hasieran txarto. 1987an hasi nintzen haiekin batera koalizio-gobernuan. Urte gogorrak haiek ere. Krisia, atentatuak… Ikusirik egoera zein zen, esan nion Ramon Jauregiri: "Ramon, edo gure artekoa konpontzen dugu edo pikutara doa dena". Orduan hasi ginen benetako gobernu moduan funtzionatzen. Orduan sortu genuen Ajuria Eneko ituna.

Zein izan zen Ajuria Eneko itunaren ekarpen nagusia?
Itunean argi jasotzen zen zeintzuk ziren eta diren gure herriaren arazo nagusiak: normalizazio politikoa eta bakea. Eta irteera planteatzen zen azkeneko puntuan. Euskaldunon bizikidetza. Demokraton arteko elkar ulermena bultzatu genuen ETAren indarkeriari aurre egiteko. Baina arazo politikoari irteerak planteatzen genizkion, eta ETAren amaieraren ostekorako metodologia ere bai. 

Garaikoetxea ordezkatu zenuen Lehendakaritzan, EAJren zatiketa gertatu zenean. Garaikoetxeak non amaitu duen aurreikus zenezakeen orduan?
Azkenaldian Amaiurren ez dut larregi ikusi. Bildun gehiago, baina azkenaldian, gutxi. Bestalde, ez dakit zer gertatuko den Sortu legeztatzen dutenean. Ze, Bilduri eman dizkio boto gehienak ezker abertzaleak. Baina legezko izatea EAk eman dio, bereziki. Seguruen datorren urtean egingo diren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan jakingo dugu zer gertatuko den Sorturekin, Bildurekin, Amaiurrekin…

Euskadi Bihotzean zergatik?
Bingen Zupiriaren ideia izan da. Hark euskaratu eta idatzi du liburua. Polita iruditu zitzaidan.

Bihotzekoa jasan zenuen duela hilabete batzuk. Beste ikuskera batekin begiratzen zaio munduari orain?
Bai, lasaitasun, lotsa, ardura gutxiagoz… Ezberdin. Esperientzia gogorra da halako bat pasatzea, baina gaindituz gero, gauzak beste modu batera ikusten dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak