Musikariek iratzartuko dituzte herritarrak eta ostean umeendako jolasak izango dira Aisialde taldeak antolatuta (11:00). Gero kuadrillen txanda etorriko da. "Edonork parte hartzeko moduko jokoak eta jolasak izango dira eta ezustekoren bat ere egongo da", iragarri du Josu Retolaza Loramendiko dinamizatzaileak. Taldeok bost lagunekoak izango dira eta izena aurrez eman beharko da; 10 bat talde elkartuko direlakoan daude antolatzaileak. Eta talde irabazlea Taberna Berri jatetxean ogitartekoa afaltzera gonbidatuko dute.
Bertsolariak eta trikitilariak lagun dituztela egingo duten poteoaren ostean bazkaltzeko elkartuko dira 100 bat lagun. Eta bazkalostea girotzeko bingoan jardungo dute hitzekin.
Elektrotxarangaren doinuak
Arratsaldeko kontuak umeendako ikuskizunak hasiko ditu. Zurrumurru antzerki taldeak Barre Laborategia eskainiko die plazan, 18:00etan.
Eta Euskeriaren Egunean ezin falta Larrain dantza; herriko eta inguruko herrietako dantzariak Mitarte kalean elkartuko dira, 19:00etan. Ondoren Ttek elektrotxarangaren doinuek girotuko dituzte kaleak.
Okila eta Hiruatxen postuak
Bestalde, Okila elkarteko tailagileek orain arte egindako lanak jarriko dituzte ikusteko Herriko Plazan, eta Hiruatx gobernuz kanpoko elkarteak bidezko merkataritzako produktuak izango ditu herritarren eskura.