Sailkapenaren erdi-erdian geratu dira oñatiarrak, zazpigarren postuan hain zuzen 37 puntu eskuratuta. Jokatutako partiduetatik 13 irabazi dituzte eta 11 galdu.
Erronka gogorra zuten
Oñatikoendako ez da urte batere erraza izan. EBA mailari agur esanda taldeak bi kategoria egin zituen behera, kanpotik etorritako jokalariei –gehienei– agur esan eta beste batzuek erretiroa hartu ostean. Erreleboaren urtea izan da, azken urte oparoetako helburu handiak alde batera utzi eta beste errealitate batera moldatzeko urtea, eta lan horretan, oñatiarrek denboraldi txukuna egin dute.
Ez da erraza, besteak beste, Zubikoako harmailetatik babes galanta jasotzetik beste egoera batera pasatzea. Hala, trantsizio horretan Oñatiko taldea ez da behera etorri, eta horrek badu bere balioa.