Gogotsu kantxaratu ziren MUkoak eta lehenengo laurdenean baloi guztiak borrokatu zituzten. Bigarrenean, baina, beheraldia iritsi zitzaien eta lau minutu benetan eskasak jokatu. Hala, hainbat akatsen erruz, Bide Bide taldekoak 17 puntuko abantailarekin joan ziren aldageletara. "Jokalariekin aurrez aurre egin dugu berba aldageletan eta batzuek pauso bat aurrera eman dute gero", zioen Larreategik.
Partiduaren bigarren zatian alde horri buelta ematen jardun zuten arrasatearrek; baita hurbildu ere. Tolosakoak, baina, estu ikusi ziren orduan, eta Jon Gonzalez entrenatzaileak eskarmentudun jokalariak kantxaratu zituen "halako egoerak aurretik ere bizitakoak". Horri batu zitzaion MUkoek zuten nekea, eta azkenean bi puntugatik irabazi ezinik geratu ziren etxekoak (60-62).
Lan mentala egiteko
Zapatuko partidua hamabost egun barru jokatuko duten lauko finala gertatzeko baliagarria izan zela onartu zuen bukaeran Larreategik: "Eredua izan da jakiteko zelan jokatu behar dugun irabazi gura izanez gero; izan ere, norberak ez badu ondo lan egiten, defentsan ez badago intentsitaterik, ez dago zereginik".
Denboraldia luzea izan da eta nekea pilatzen joan da horregatik hemendik aurrerako entrenamendu saioak motzagoak izango dira, baina intentsitate handiagokoak. Eta behin lan taktikoak eginda "urte osoko lana hor dagoelako eta ez goazelako aldatzera", jokalariak mentalki gertatzea izango da erronka.