Ia 170 txirrindulari elkartu ziren Azkoagan jarritako irteera puntuan, eta handik Barajueneko zirkuitura egin zuten. Lehenengo 29 infantilek korritu zuten, eta ondoren etorri ziren gainerako mailetakoak. 197 metroko desnibela eta 5.550 metro zituen ibilbideari bost bira eman zizkioten elite mailakoek, 23 urtez azpikoek eta Master 30 mailakoek; hiru bira, emakumeek eta Master 40-50 mailakoek; eta bi, kadeteek. Giro freskoa eta euria izan zituzten tarteka lasterkariek, baina inolako arazo barik egin zuten proba: "Ibilbidean aldaketa txiki batzuk egin ditugu aurten, arriskua kendu eta espektakulua emate aldera, eta lortu dugu", zioen Jon Andoni Axpe antolatzaileak bukaeran.
Ezustekorik gabe
Euriak ibilbidea arriskutsu bihur zezakeen, baina ez zen izan horrela: "Egin duen euri horrek mesede egin dio lurzoruari, aurretik oso lehor zegoelako, eta bigunago egonda hobeto; txirrindulariek gusturago jardun dutela esango nuke", zioen Axpek. Hala, aparteko eroriko barik bukatu zuten proba. Ismael Estebanek hartu zuen lasterketaren gidaritza hasieratik, eta Aitor Hernandez atzetik jarraika izan bazuen ere ez zion aurrerik hartu. Lehenengo hiru biretan elkarrengandik gertuan jardun zuten biek, gainerakoak atzean utzita. Esteban izan zen tiraka aritu zena gehienetan, aurkariaren indarrak probatu aldera, baina era berean bereak gordeta. Hala, azkeneko biran aurrera egitea erabaki zuen eta Hernandez atzean utzi, bakarrik helmugaratuz. Hirugarrena Diego Latasa izan zen. Openeko buru Estebanek jarraitzen du izaten.
23 urtez azpikoetan, ostera, Alvaro Carral Asier Juanbeltz eta Daniel Aristuren arten daude lehenengo hiru postuak, eta oraingoan Carral nagusitu zen beste bien aurretik. Bikain jardun zuen horrek hasiera-hasieratik.
Master 30 mailakoek ere hiru bira eman zituzten eta Igor Garcia izan zen txapelduna (baita Openeko sailkapeneko burua ere), Ander Elizgarai bigarrena eta Jon Isaba hirugarrena.
Junior mailan Jabier Sein
Emakumeetan lau txirrindularik jardun zuten norgehiagokan, eta garaipena Esti Garciarendako izan zen. Atzo arte Openeko buruan zen Olatz Odriozola ez zen etorri eta ondorioz, Maialen Larrinaga da orain lehena.
Junior mailan Jabier Sein nafarra nagusitu zen, eta ez duela harrapatuko duen aurkaririk erakutsi zuen; izan ere, Openeko aurreko bi probetan ere bera izan da nagusi. Kadeteetan, Julen Latorrerendako izan zen garaipena, eta Master 40 mailan Esteban Suescunendako. Biak dira Openeko buru, nor bere mailan. Eta infantiletan, Andres Montalvok eraman zuen sari nagusia.
Antolatzaileak pozik azaldu ziren zazpigarren edizio horrekin "txirrindulari asko etorri eta arazo barik egin duelako aurrera". Hala, datorren urtekoa antolatzeko ere gertu agertu dira.