Etxean galdu barik jarraitzen du Aretxabaletak
Joan den asteko porrota ahaztu eta irabazteko gogoz zelairatu ziren Gorka Valleren mutilak atzo Ibarran. Lehenengo zatian, nagusi izan ziren, eta aukera mordoxka bat izan zituzten bai Santxok, bai Arizmendik. 29. minutuan Urtzik izan zuen gola esku-eskura; aurreratuta zegoen atezainaren gainetik jaurti zuen baloia eta barrura zihoala zirudienean (zaleak txalotzen hasita ,zeuden) langa jo eta kanpora joan zen. Hala, golik gabe bukatu zen lehenengo zatia.
Bigarrenean, ere nagusi izan zen UDA eta orduantxe iritsi ziren golak. Lehenengoa penalti jaurtiketa bidez egin zuen Santxok eta bigarrena ere berak sartu zuen, Josuk pasatu eta baselina eginda. Real Union taldearen gola, ostera, deskontuan etorri zen, kontraerasoan egindako jokaldi bati esker.
Lasaitu ederra hartu du Bergarak 5 eta 0 irabazita Getariakori
Jaisteko postuetatik aldentzeko puntuak behar zituen derrigor Bergarak eta horien bila zelairatu ziren Aitor Arrateren mutilak zapatu arratsaldean. Hala, inolako aukerarik eman gabe bost gol sartu zizkioten 22 punturekin jaitsiera postuetan dagoen Getariakori. Datorren astean derbia dute antzuolarren aurka eta lasaiago aurre egiteko moduan daude orain.
Aloñak galdu egin du etxean Vasconiarekin (0-1)
Aloñak, ostera, galdu egin zuen Vasconiaren aurka. Ezer ez dute jokoan bosgarren dauden oñatiarrek, eta behar bada horrek lasaitu egin zituen.
Lau gol sartuta irabazi egin zuen Antzuolak Hondarribian
Lau gol sartu behar izan zuten Juanina Garairen mutilek hiru puntuak eskuratu ahal izateko, izan ere, Hondarribi jaisteko postuetan dago eta puntuak gura zituen derrigor. Antzuolarrek, baina, hirurak kendu zizkieten 3 eta 4 irabazita. Hala, eroso dago sailkapeneko zortzigarren postuan. ezer jokoan ez duela. Datorren astean derbia izango da Antzuolan, puntu bila doan Bergara izango duelako aurrez aurre.
Eibartarraken aurka galduta agurtu du denboraldia Mondrak
Eibartarraken aurka etxean jasotako porrotarekin esan dio agur denboraldiari Mondrak (1-2); laugarren porrota izan da gainera jarraian.
Eibarkoak jarri ziren aurretik markagailuan, 0 eta 2, eta arrasatearrek ezinean jardun zutem. Partidua bukatzeko 15 minutu geratzen zirenean sartu zuen Mondrak baina ezin norgehiagoka berdindu. Hala, sailkapeneko zazpigarren postuan bukatu du denboraldia 44 punturekin.