ESKUBALOIA: Asteburu borobila Oñatirentzat

Txomin Madina Milikua 2014ko mai. 11a, 22:20

Izarraitz-Aloña Mendikoak, erasoan.
Izarraitz-Aloña Mendi mailaz igo daiteke oraindik ere, Gazteluetari 31-27 irabazi ostean. Jubenil eta kadete mailako neskek, bestalde, Euskal Ligan jokatuko dute datorren denboraldian kluben arteko igoera fasea irabazita.

Gaur Zubikoan irabaztea ezinbestekoa zuten Izarraitz-Aloña Mendiko mutilek Euskadiko Txapelketara bidean beste pauso bat emateko, eta partidu erabakigarrian, Gazteluetaren aurrean, ez dute hutsik egin.  

Partiduaren lehen bost-hamar minutuetan lehia nahiko parekatua izan den arren, erasoan eta defentsan egindako lan onari esker oñatiarrek aurrea hartu eta atsedenaldira 17-10 emaitzarekin heldu dira.

Nekearen ondorioz fisikoki behera eginda hasi dute Izarraitz-Aloña Mendikoek bigarren zatia, eta hori ikusita Gazteluetakoak markagailuan aurretik jartzen saiatu eta bi taldeen arteko aldea gol bakarrera murriztea lortu dute. Bizkaitarrak baina, ez dira heldu Oñatikoekin berdintzera: azken hauek egoerari buelta eman eta azkenean, 31-27 amaitu da partidua.

"Ez dakit denboraldiko onena izan den edo ez, baina partidu hasiera oso ona egin dugu", zioen partiduaren amaieran Rafa Zulueta oñatiarren entrenatzaileak eta talde guztiak emandako maila goraipatu zuen, batez ere, lehenengo zatian Aitor atezainak egindako lana.

Gaurkoa irabazita, igoera fasean laugarren postuan sailkatzea lortu dute oñatiarrek, eta ondorioz, hurrengo zapatuan jokatuko dute mailaz igo ala ez erabakiko duen partidua. Irungo Gaztiak izango dute aurkari, igoera faseko taldeen artean lehenengo sailkatu dena. Irundarren aurkakoa finalaurrekoa den arren, finalerako sailkatzen diren bi taldeak igoko dira mailaz. Taldekoak ilusioarekin daudela dio Zuluetak: "Oso zaila izango da, baina aurkariek denboraldiko partidu guztiak irabazi dituzten arren, partidu bakarrean erabakiko da dena".

Jubenil eta kadete neskak, Euskal Ligara

Kluben arteko igoera fasea egon da jokoan asteburu honetan Oñatin, eta bertan, Aloña Mendiko, Urdaibaiko eta Ereintzako kadete eta jubenil taldea ibili dira nor baino nor Euskadiko Ligarako txartel bila. Azkenean, partidu gehien irabazita, Aloña Mendikoek lortu dute igoera.



Egubakoitzean, Urdaibaikoek eta Aloña Mendikoek neurtu zituzten indarrak: kadeteetan oñatiarrak nagusi izan ziren 20-34; baina jubeniletan bizkaitarrak izan ziren hobeak: 22-18.

Atzo Ereintzak eta Urdaibaik jokatu zituzten partiduak. Kadeteetan Ereintzak 19-16 irabazi zuen; jubeniletan, bestalde, Urdaibaik lortu zuen garaipena  20-26.

Gaur izan dira Aloña Mendi eta Ereintzaren arteko norgehiagokak, eta etxekoek bi partiduak irabazi dituzte: kadeteetan 22-15 eta jubeniletan, 17-10.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak