Partidua hasi aurretik, joan den domekan hil zen Tolosa taldeko jokalari Urtzi Gurrutxagaren izenean minutu bateko isilunea egin zuten. Segidan, partidua hasi zen.
Lehen zatian, joko ikusgarririk egin gabe, oñatiarrek eraginkortasun handia agertu zuten, eta arriskuz iritsi ziren bi jokaldietan gola sartu zuten; Unai Bikuñak 12. minutuan egin zuen gola, eta Asier Ugartek bigarrena, 23. minutuan.
Touring taldekoek baloiaren kontrola izan, izan zuten, baina ez ziren gol aukerak sortzeko gai izan. Aloñakoek beste gol aukeraren bat izan bazuten ere, atsedenaldira 2-0 emaitzarekin joan ziren bi taldeak.
Gol festa
Bigarren zatiko lehen hamar minutuetan ere efektibitate bikaina erakutsi zuten oñatiarrek beste hiru gol sartuz, eta hortxe amaitu zen partidua. Errenteriarrak nahi eta ezin aritu ziren. Bigarren zatiko lau golak honela etorri ziren: Unai Uribetxeberriak egin zuen hirugarrena, 53. minutuan; Ibai Morenok, hurrengo biak, 55. eta 58. minutuetan; eta azkena, Asier Ugartek, 64. minutua zela.
Partidua poltsikoan zutenean, Aloñako bost ordezkok minutu batzuk jokatzeko aukera izan zuten: Josu Juaristik Aritz Garmendia ordezkatu zuen; Julen Astigarraga sartu zen Asier Ugarteren ordez; Jon Igarzabalek Endika Ruiz ordezkatu zuen; Gaizka Irizar Unai Uribetxeberriaren partez irten zen; eta Mikel Urkia, Joseba Irizarren partez.