Gogor saiatu baziren ere, kanpora joan ziren puntuak bosgarrenez

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2014ko ots. 9a, 20:06

Partidu gogorra eta lehiatua izan zen atzo Soraluze BKE eta Laubide legazpiarren artekoa; horren erakusle, azken emaitza: 23-24.

Azken orduko bajak direla-eta, hasierako minutuetan Bergarakoak trabatu samar ibili ziren arren, itxura ona eman zuten lehenengo zatiaren amaieran, eta markagailuan aurretik jarrita (13-14) joan ziren aldageletara. "Normalean hegalean jokatzen duten Mikel Plazaola eta Iñigo Iparragirre falta zirela-eta, aurrez min hartuta zeudelako, azkenaldian asko jokatu barik zeuden beste bik bete behar izan dituzte horien lekuak. Dani Sevillanok egindako paseekin lortu dugu emaitza parekatzea", azaldu zuen Josetxo Muniategi entrenatzaileak partiduaren amaieran.

Bestelakoa izan zen, baina, bigarren zatia, Muniategiren esanetan, etxekoen joko trabatua izan zuena ezaugarri: "Defentsa aldatu egin dute legazpiarrek eta ez dugu jakin jokatzen. Azkeneko minutuetan bi golegatik galtzen genbiltzala kontraeraso baten bitartez partidua berdintzeko aukera bat izan dugu baina ez dugu gola egitea lortu".

Patiduko gakoak, atezainak

Emaitzan, atezainen lanek eragin handia izan zutela zioen Muniategik: "Biek jardun dute ondo, eurena hobeto ibili bada ere, akats gutxien egin duen taldeak irabazi du".

Emaitzari dagokionez helburua bete ez zuten arren, partiduan egotea lortu zutelako konforme zen Muniategi.

Bosgarren porrota jarraian

Gabonak aurretik, bigarren postuan zeuden sailkapenean, lehenengo taldetik 4 puntutara, hain zuzen ere. Urte berriarekin, baina, ez dute partidurik irabazteko aukerarik izan; hori horrela, helburuak aldatu behar izan ditu Bergarako taldeak: "Lehen igoera fasera pasatzeko lehenengo hiru postuetan egoteko aukerak genituen; orain, berriz, konfiantza eta joko ona berreskuratzea dira ditugun lehentasunak. Zaila bada ere, datorren astean Urdulizen irabazteak asko lagunduko liguke".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak