Goñik Beñat Iñarra bergararra izan zuen lagun atzeko koadroetan, eta aurrez aurre izan zituzten Sergio Uriarte aretxabaletarra –Oñatin ume eta gaztetxoekin lanean ari dena– eta Andoni Azkarate oñatiarra. Denetarikoak izan zituen partiduak, tanto politak bai eta hutsak ere bai. Tantoak bukatzen eta pilotari abiadura ematen oraindik doai onak badituela erakutsi zuen Goñik, eta gainerako pilotariak saiatu ziren konpromisoak eskatzen zuen mailan egoten. Neurketan hasieratik hartu zuten aurrea Goñik eta Iñarrak; partidu erdian, baina, lehia parekatu egin zen –12na berdindu zuten–. Berriro ere hartu zuten, ordea, aurrea urdinek, eta 22 eta 16 irabazi zuten azkenean. Lagun artean ibili ziren arren, tanto baten baino gehiagotan atera zuen oronoztarrak ohiko duen jenioa, biraoren bat bota ere bai, eta epaileari begiradatxoa zalantzazkoa izan zen pilotaren batean. Jendea ere saiatu zen apur bat xaxatzen, hori –ere bai– baita Mikel Goñi, ikuskizun emaile eta ez bakarrik jokoan. Besteren artean, ume nahikotxo batu zen atzo Zubikoan –hainbat pilota eskolan ari direnak–, eta erakutsi zuten pilotan ez eze, animuak emateko azken joerak –hau telebistatik gehiago– ari direla ikasten; orain, animu gehienak ez ziren Goñirentzako izan, euren entrenatzailearentzako baizik. Atzoko sarrerarekin batutako dirua partidua antolatu zuen ikasle taldeak Ginea Frantsesean dituen proiektuetarako izan zen.