88-84, garaipen borrokatua MUren etxean geratu da

Jagoba Domingo 2014ko urt. 25a, 22:38

Mikel Arejolaleiba saskiratzeko prest.
Kostata, baina garaipen batekin hasi dute ligako bigarren zatia MUkoek. Hirugarren sailkatuaren aurka jokatu dute etxean , eta Gorka Kintanak aitortu duen bezala, ordiziarrak denbora pasa ez zirela etorriko argi zuten. Partidu gogorra eta biziaz gozatu dute Iturripen saskibaloi zaleek, hala ere, tarteka nahasia izan da.

Josu Larreategiren mutilak ez dira oso fin ibili defentsa lanetan; hala ere, aurrean izandako trebetasunak bi puntuak etxean utzi ditu. Partidua nahiko parekatuta hasi da, baina lehenengo laurdena atzetik amaitu dute, 21-25. Etxekoek falta asko egin dituzte eta ordiziarrek ez dituzte jaurtiketa libreak alferrik galdu. Momentu batean ordiziarrak markagailuan abantaila hartu behar zutela zirudien arren, Kintanaren hirukoek taldea eutsi dute. Bigarren laurdena bide beretik jarraitu duen arren, bi taldeen jokoa bizitu egin zen. Atsedenaldira berdinketarekin joan dira, 41-41.

Garaipena eskuetan

Hirugarren laurdenean, garaipena eskuetan izan dute arrasatekoek. Ceciaga, Arejolaleiba eta Barberoren jokaldi onak aprobetxatuz, 9-0eko partziala lortu dute, markagailuan hamaika puntuko aldea lortuz. Hala ere, laurdeneko azken bi minutuetan, aurrez egindako lana pikutara bidali dute. Kontzentrazio faltak eragindako huts egiteen ondorioz, ordiziarrak norgehiagokan sartu dira berriz ere. Gainera laurdena amaitu baino hogei segundo lehenago, kirolez kontrako falta adierazi diete etxekoei eta 65-62 amaitu dute laurdena.

Iturriperen garra

Azken laurdenean atzetik jarri dira etxekoak, eta Iturripe piztu egin da. Jarraitzaileen animoek lagunduta, azken baloi jabetzak ondo jokatu dituzte eta garaipena etxean geratu da. Kintanaren arabera, garaipen garrantzitsua izan da; pasa den asteburuan lehenengo sailkatuaren aurka galdu ondoren, taldeari konfiantza emango diolako. Jardunaldi honen ondoren, bi partiduko aldea dute Biok Zerbitzuak talde oriotarrarekin.

Kantxaren egoera txarra

Iturripeko jokalekua, egoera txarrean egon da partiduan itoginen ondorioz. Ointxe klubeko kideen arabera, eguerdian egoera ikusita toallekin zorua lehortzen saiatu dira. Hogei bat toalla jarri dituzten arren, norgehiagoka osoan zehar, hainbat jokalari irrist egin eta lurrean amaitu dute. Gutxienez inork  ez du minik hartu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak