Agorrosin futbol zelaiaren egoerak erabat baldintzatu du Bergara eta Berioren arteko partidua. Jokaldi lotuak egiteko ez zegoen aukerarik eta beraz, kontaktu fisikoa, lehia eta lana izan dira protagonista. Lehen zatiko 15. minutuan 0-1 aurreratu dira kanpokoak baina hamar minutura Eneko Ibarluzeak banakoa lortu du; sakoneko pase bat ederto aprobetxatu du jokalari bergararrak baloia ederto gurutzatzeko.
Atsedenaldira aurretik
Gero, 2-1 jarri dira aurretik mahoneroak, Asier Beitiak korner jaurtiketa baten egindako golari esker. Atsedenaldira aurretik joan da Bergara. Bigarren zatia ere oso parekatua hasi da, baina talde donostiarrak denboraldi honetan erakusten ari den ate aurreko eraginkortasunaz baliatu da beste behin 2-2koa egiteko. Hortik aurrera, biek irabazi ahal izan dute norgehiagoka. Epaileak gol bat baliogabetu dio Bergarari jokoz kanpoko bategatik –bergararren arabera ez da halakorik egon– eta Beriok aukera garbiak izan ditu, tartean langarekin egin dute topo. Amaieran, berdinketa "justua" izan dela uste du Arratek: "Partidua nola joan den ikusita, berdinketa emaitza justua izan dela esango nuke. Liderraren aurka puntuak ateratzea zaila izaten da eta gaur lortu dugu. Hori bai, puntuagatik baino futbol zelaian erakutsitakoagatik nago pozik. Sentsazio onekin amaitu dugu".