Bi partidu jokatu eta biak irabazita iritsi ziren bi taldeak zapatuko norgehiagokara, Euskal Ligako bigarren faseko multzoko lidertzan. Arrasatearrak nafarrak baino gehiago izan ziren baina, eta punturik egiteko ere ez zieten aukerarik utzi.
Hasi aurreko albisteak ez ziren onak etxekoentzat; aspaldian sarritxo legez, oraingoan ere jokalari gutxirekin egin behar izan zioten aurre konpromisoari, lesioak tarteko. Soilik bi aldaketa egiteko aukerarekin ekin zion lehiari Arrasatek –zenbait jokalarik, gainera, erabat ondo egon gabe jokatu zuten–, eta talde luzeagoarekin etorri zen Iruñea, hogei lagunekin; eta halakoak alde handiak dira.
Oztopo guztiei aurre eginez, baina, lehenengo zatian 10 eta 0 aurreratu ziren Isasiren mutilak. Xabier Gardokik egin zuen entsegua, eta Bustuk jarri zuen ondoren baloia hiru zutoinen artean; zigor kolpe bat ere gauzatu zuen geroago Bustuk berak. Etxekoek izan zuten jokoaren kontrola, eta nafarren zelai zatian jokatu zuten eroso. Iker Elortzaren ekarpena garrantzitsua izan zen, entrenatzailearen arabera "oso aktibo eta beti taldekideak animatzen".
Bigarren zatian ere ondo ibili zen Arrasate. Kontrarioak ezin zuen gustura jokatu, defentsako lerroan jasaten ari zen presioagatik. Talde gisa aritu ziren arrasatearrak, elkarri lagunduz, eta Iker Elortza izan zen lehiako bigarren entsegua egin zuena; Bustuk lortu zituen azken hiru puntuak, beste zigor kolpe batekin. Aurrelarien lana nabarmendu zuen partidu amaieran Igor Isasi entrenatzaileak.