Domekan jarriko da martxan Eskoriatzan hondakinak batzeko atez ateko sistema. Sistema horren aurka dagoen Eskoriatza Garbia plataformak batzar irekia egin zuen atzo Ibarraundi museoan, herritarren ekarpenak jaso eta datozen egunotarako antolatu dituzten protesta ekintzen berri emateko. Atez atekoa indarrean jartzen den egunean bertan hasiko dira protestak.
Kubo marroiak balkoietan jartzeaz gain, apirilaren 10ean egingo den osoko bilkurara agertzeko deia egin diete herritarrei. Osoko horretan otsail amaieran egindako herri kontsultaren notario-akta entregatuko diote alkateari.
Protestak bateratua izan behar duela
Atez atekoaren aurka daudela ozen esan gura dute, diotenez Udalak euren iritzia aintzat hartu arte. Era berean, atzoko batzarrean behin eta berriz aipatu zuten protestak bateratua izan behar duela.
Bestalde, domekan indarrean jarriko den sistema berriaren gaineko zalantzak argitzeko Ibarraundi museoan bertan Hondakinen Bulegoa jarri du Udalak, bi edo hiru hilabetez zabalik egongo dena. Astelehenetik eguenera bitartean goizez eta arratsaldez egongo da zabalik eta egubakoitzetan, berriz, goizez bakarrik.