Atez atekoa abian jarri zenetik egun gutxi pasa badira ere, orain arteko balorazio "positiboa" egin du Eskoriatzako Udalak. Horren harira, Ingurumen zinegotzi Igor Ezpeletak nabarmendu du eskoriatzarren %90ak jaso duela dagoeneko materiala, eta lehen egunotan, ontziak eskegita ikusi izan direla zintzilikarioetan.
Domekan organikoaren txanda bazen ere, ontzi marroiez gain, bestelakoak ere azaldu dira eskegita zintzilikarioetan; eta berdin, astelehenean. Kartoia eta paperak ateratzeko eguna zen hori. Egutegiarekin nahastuta dabiltza batzuk, eta beste batzuk, berriz, protesta moduan atera dituzte egun horretan atera behar ez ziren ontziak.
Horrez gain, komertzioekin ere arazoren bat edo beste ere izan da. Honakoa aipatu du Ezpeletak: "Ordutegiarekin eta hondakinen kopuruarekin hainbat gorabehera izan dira, baina dagoeneko komertziokoekin berba egin dute, eta konpontzeko bidean daude".
Hondakinen bulegoa
Horren harira, Ezpeletak onartu du aste edo hilabete batzuk beharko dituztela sistema berriak behar bezala funtziona dezan. Prozesua errazte aldera, Ingurumen zinegotziak gogorazi du Hondakinen Bulegoa dagoela zabalik Ibarraundi museoan; astelehenetik eguenera bitartean, goizez eta arratsaldez dago herritarren zerbitzura, eta egubakoitzetan, goizez.
Eskoriatza Garbiak manifestazioa deitu du
Aipatu bezala, atez atekoaren kontra daudenak ere badaude Eskoriatzan. Eta horren erakusle da Eskoriatza Garbia plataforma. Azken horrek manifestazioa deitu du eguenerako. Intxaurtxueta eta Aranburuzabalatik irtengo dira 18:30ean, eta plazan elkartuko dira guztiak. Jarraian, osoko bilkuren aretora igo eta plataformak aurkeztutako mozioa defendatuko dute; otsailaren 23an egindako herri galdeketaren emaitza baliozkotzat jotzea eta atez ateko bilketa geldiaraztea eskatzen dute bertan.
Sistemaren kontra daudenen jarrera onartzen duela eta bakoitzak bere iritzia defendatzeko eskubide osoa duela nabarmendu du Ezpeletak, hori bai, "beti errespetuz jokatuta". Entzuteko prest daudela esatearekin batera, honakoa gaineratu gura izan du: "Plataformakoak entzuteko prest ere egon behar dira, eta azken hilabeteotan erakutsi dute ez daudela horretarako gertu".