Atez atekoa ezarrita dagoen gainerako herrietan bezala, egunaren arabera atera beharko da zabor mota bat edo beste:
- Astelehena: Papera eta kartoia
- Martitzena: Organikoa
- Eguaztena: Ontzi arinak
- Eguena: Errefusa
- Egubakoitza: Organikoa
- Zapatua: Ontzi arinak
- Domeka: Organikoa
- Egunero: Pixoihalak, konpresak, erabilitako bendak...
Ordutegiari dagokionez, 19:00etatik 06:00era atera ahalko da, zapatuetan izan ezik; 19:00etatik 23:00etara izango dela. Bilketa egin ostean, biltzaileak beste modu batean utziko du ontzia zintzilikatuta; horrek jakinaraziko dio herritarrari jaso dezakeela.
Ordutegi edo egutegi horretara egokitu ezin diren edo ezohiko zerbait duten herritarrendako larrialdi gunea ere egokitu dute tren geltoki zaharrean. Etxola horren giltza udaletxean edo kiroldegian eskatu beharko da.
Edukiontzi berdeak barikura arte
Organikoarekin hasiko da etzi atez atekoa. Horren bueltan, Eskoriatzako alkate Beñat Hercek jakinarazi du gaur egungo edukiontzi berdeak egubakoitzera arte erabili ahal izango direla, eta Debagoieneko Mankomunitatea asteburuan hasiko dela edukiontzi horiek herriko kaleetatik kentzen. Hortaz, gomendatzen dute egubakoitzean bertan hastea zabor bilketa gaika egiten, domekan zintzilikariora eroateko.
Alkateak honako mezua helarazi gura izan die eskoriatzarrei: "Ohitura aldaketa txikia da, arazo bati irtenbidea ematea da, eta erraza da. Animatu daitezela, goaz ondo egitera; horretarako laguntza izango dute".
Hondakinen bulegoa
Horren harira, sistema berriarekin lotutako zalantzak argitzea gura dutenendako edo materiala oraindik jaso barik daukatenendako zabalik egongo da beste bizpahiru hilabetez Ibarraundi museoan dagoen Hondakinen Bulegoa. Astelehenetik eguenera bitartean, goizez eta arratsaldez egongo da hori zabalik, eta egubakoitzetan, berriz, goizez bakarrik.
Eskoriatza Garbia
Bestalde, Eskoriatza Garbia plataforma batzar irekia egitekoa zen atzo, eguena, arratsaldean, Ibarraundi museoan. Atez atekoaren kontrako ekintza berriez jarduteko asmoa zuten bilkura horretan.