1976ko otsailaren 1ean hartu zuen alkatetza kargua lehenengo aldiz Patxi Basauri Elkorok, eta 31 urtez egon zen karguan etenik gabe; hau da, 2007ra arte. Lehenengo 1976an eratutako behin-behineko herri-plataforman aurkeztuta; 1979tik 1987ra hauteskundeetara independente gisa aurkeztuta; 1991tik 1995ra EAJrekin egindako zerrendetan aurkeztuta; eta 1999an EAJ-EA koalizioaren izenean. Euskal Autonomia Erkidegoan ez da beste inor, alkatetzan hainbeste urte eman dituenik. Eta 2007ko hauteskundeen ostean oposizioko bozeramaile kargua hartu zuen udaletxean.
Politikatik erretiratu ostean ere lotura estua izan du alderdi jeltzalearekin, eta bukaerara arte hartu du parte herriko lantaldean. 2023ko udal hauteskundeetan ere EAJren Elgetako zerrendan joan zen.
Hainbeste urtez alkate karguan, Elgetaren norabidea markatu duten erabaki garrantzitsu asko hartu zituen Basaurik. Aretxabaletako alkate izandako Jesus Mari Herrastirekin batera 2019ko apirilean GOIENAk egindako elkarrizketa batean hasierako urteetako egoera politikoa, beharrizan handiak eta diru eskasia zituen gogoan Basaurik. Ondotik etorri zen erakundeen egituratzea, eta horrekin lotuta beti nabarmendu izan zuen Debagoieneko Mankomunitatearen sorrera "gauzak martxan jartzeko", tartean Debagoieneko ospitalea, Elgetako industrialdea…
Omenaldiak eta aitortzak
Garai politiko erabakigarriak bizi izan zituen alkatetzatik Basaurik, eta azken urteetan hainbat aitortza eta omenaldi jaso izan ditu garai bereko beste hainbat alkaterekin batera.
Horietan artean Makila eskuz esku 40 urtez leloarekin Eudelek 2019ko apirilean Gernikako Batzar Etxean EAEko 70 alkate ohi baino gehiagori egindako omenaldia.
Basaurirendako, bestalde, bereziki hunkigarria izan zen parte izandako Alkateen Mugimenduak 1976ko uztailaren 21ean Bergaran egindako ekitaldia gogora ekartzeko 2021an egindako aitortza.
Lehen erreakzioak
Albistea publiko egin eta gutxira heldu dira lehen erreakzioak.
Elgetako EAJko bozeramaile Iker Lakak honako mezua txiokatu du: "#Herrigintza zeozer bada, bera zen. Urteak eta urteak #Elgeta-ren zerbitzura eman dituen abertzalea, gaur egungo herriaren oinarriak ezarri zituen alkatea. Guk zure legatuari eutsiko diogu, Patxi, katea ez delako eten! Hartu atseden".
GOIENAko zuzendari nagusi Iban Arantzabal elgetarrak, bere aldetik, honakoa partekatu du: "Alkaterik izan bada gure herrian izan da Patxi Basauri. 30 urte egin zituen alkate. Oraindik ere "Patxi alkatea" zena. Eta izango dena gure memorian. Herria bihotzean zuen alkatea. Eskerrik asko eskainitakoagatik. Gaur hil da. Gogoratuko dugu luzaroan. Agur eta ohore".
Patxi Basauriren ostean Elgetan zortzi urtez alkate izandako Oxel Erostarbek, berriz, honakoa adierazi du: "31 urte alkate. Hamarkadak herrigintzan. Gaur egun ezagutzen dogun Elgeta eraikitzeko eta ulertzeko pertsona klabia. Faltan botako dittugu Elgetaren inguruko azken berbaldixak! Agur Patxi! Hartu merezitako deskantsua!"
Eta Rebeka Ubera legebiltzarkide elgetarraren hitzak hauek: "Halaxe izanda Patxi zena, 'Patxi alkatea' denontzat. Urte batzuetan Udalean aurrez aritu giñen, eztabaida ugari. Baina eztabaidak eztabaida, beti eskertzekoa da gure herriagatik urteetan egindako lana, eskeinitako denbora. Lurrak goxo har zaitzala".
Elgetako Udalak ere gogoan izan du Patxi Basauri: "31 urtez gure herriaren gidari izan zen, eta urte haietan guztietan gure herriaren alde eskainitako dedikaziogatik beti izango dugu gogoan", adierazi dute, besteak beste.