Ekitaldi hasieran, honakoek hartu dute hitza EAJren eta EH Bilduren artean adostutako manifestua irakurtzeko: Jose Luis Elkorok –1976ko Bergarako alkateak–, Patxi Basaurik –1976ko Elgetako alkateak–, Maria Ubarretxenak –Arrasateko alkateak– eta Gorka Artolak –Bergarako alkateak–.
"Ordu hartan Bergaran izan ziren alkateek eta zinegotziek aitortu zuten ez zitzaiela samurra gertatu herriaren nahia eta erabakia ulertu eta argitara ematean, euren gain hartu zuten erantzukizuna betetzea; hala ere, haiek uste zuten heldu zela garaia argi eta garbi adierazteko herriaren eskubide politikoak iraungiezinak eta ukaezinak direla. Auziaren benetako funtsa ez baitzegoen foraltasun zaharrean, eskubide historiko horiek eguneratzean baizik, foruek adierazten zituzten subiranotasun- eremuak euskal nazio ikuspegitik gaur egunera eta etorkizunera proiektatzean, alegia" adierazi dute, besteak beste.
COVID-19k utzitako testuingurua ikusita, hausnarketa hau egin dute: "Gure herria eta bere jendea aurrera ateratzeko ordua, garapen ekonomikoa, gizarte justizia eta subiranotasun politikoa oinarritzat hartuta. Orain, mundu zabalaren aurrean, gure herria, Euskal Herria, zutik eta bizirik dagoela aldarrikatu nahi dugu. Bere eskubideen jabe den herria dela gurea. Ozen adierazten dugu herri irekia eta aurreratua garela eta egungo munduak ekarri dizkigun mehatxuei aurre egiteko prest gaudela. Entzun nahi digun orori azaltzen diogu zer nolako gaitasuna duen Euskal Herriak aurrez-aurre jartzen zaizkion erronka zailenak gailentzeko. Eta, aldarri hutsetatik haratago, herri modura antolatzeko gure asmoa berresten dugu, gutako bakoitzaren gaitasun indibiduala gaitasun kolektibora batuz, herritar guztiei bizi-proiektu duin eta kalitatezkoa bermatzeko beharrezkoak diren tresnak eskuratuz".
Manifestua irakurrita, zera adierazi du Jose Luis Elkorok: "Ea kapaz garen, 1976an egin bezala, elkarrekin urratsak emateko".
[Manifestua bere osotasunean irakurtzeko eta gonbidatuen zerrenda ikusteko, egin klik hemen].
Alkateen Mugimendu horri esker lortu zen, besteak beste, Ikurrina legezkoa izatea, eta manifestuaren ondoren Ikurrina altxatu dute, txistularien eta dantzarien laguntzarekin. Orduko alkateak oholtzara igo dira, eta ostean lore sorta jaso dute gaur egungo bailarako alkateen eskutik.
Jarraian, talde argazkia atera dute –batzuk Plazan, eta beste batzuk Udaletxeko balkoian– eta azkenik Udaleko Osoko aretoan jarritako argazki erakusketa bisitatu dute. Argazkiez gain, orduko irudiekin osatutako ikus-entzunezko ere ikusi dute.