Tradizioa berreskuratzeko ahalegina erakusten dute herrietan antolatutako ekitaldiek. Hala, Arrasaten, urriaren 30eko Arimen Biltzarra izango da unerik garrantzitsuena. Biteri plazatik 18:30ean abiatu eta Monterron parkean bukatuko den ekimen berezian herriko hamar taldek hartuko dute parte. Izan ere, antolakuntza talde eragilean daude Txatxilipurdi, AEDko Ttak gazte-taldea eta Ekin Emakumeak Elkartea, baina jai berezira batu dira Doke Antzerki Eskola, Arrasateko Trikitixa Eskola, Arrasateko Txistulariak, Goikobalu Abesbatza, Txikitxu-Arrostaitz Dantza Taldea eta Ttakun Txalaparta Taldea.
Bergarako ekitaldiko berritasun nagusia da Kalabazen kalejira
Bergaran ere egubakoitzean ospatuko dute egun handia. Aurten, herriko hainbat eragile aritu dira antolaketa lanetan elkarlanean eta ohi baino egitarau zabalagoa prestatu dute; Xaxauren esanetan, "misteriotsua eta herrikoia", aldi berean. Gau Beltza indartu egin nahi izan dute, eta Jardunek gaineratu du eragileen arteko elkarlanari esker ospakizuna "parte-hartzaileagoa eta ikusgarriagoa" izango dela.
Egitarauko berritasun nagusia izango da 19:00etan hasita egingo duten Kalabazen kalejira. Oxirondotik abiatuko dira eta Irizar jauregiko parkean egingo dute amaierako ekitaldia, 20:00ak aldera. Kalejiran zehar, Bergarako Musika eta Dantza Eskolako eta Camden Dance Studioko dantzariek hartuko dute parte. Dantzez gain bertsoak ere egongo dira, eta bukaerako ekitaldian Jardun Antzerki Eskolak parte hartuko du. Ekitaldiaren amaieran, Jardunen III. Mikroipuin Lehiaketako irabazlearen testua irakurriko dute.
Umeen parte-hartzea
Aretxabaletan, Loramendi euskara elkarteak antolatu ditu Gaba Baltzaren bueltako ekintzak eta bihar, egubakoitza, izango da ospakizun nagusia. Aurten, kale-eskea ginkana handi baten bidez egingo dute, eta haur zein helduak kukumarruz mozorrotuta parte hartzera gonbidatu dituzte antolatzaileek. Ginkana 18:00etan hasiko da, baina parte hartu nahi dutenek 17:30ean eman beharko dute izena, Loramendi euskara elkartean. Herriko kaleetan barrena hainbat proba egin ondoren, 19:30ean amaituko dute Herriko Plazan. Gero, 20:00etan, Gaba Baltzako ekitaldi nagusia egingo dute Mitarte kalean.
Ginkana bidez egingo dute kale eskea Aretxabaletan
Elgetan gaur egingo dute kalabazak husteko saioa herriko neska-mutikoek, eskolako ganbaran. Horrez gain urteroko puska-batzea etxez etxe 17:30ean, jaia frontoi zaharrean 18:30ean eta beldurrezko ipuinen kontaketa saioa, 20:30ean, egingo dituzte bihar, urriak 30.
Aramaion, ere herriko hainbat elkarte eta erakunde ibili dira egubakoitzean ospatuko duten Gaba Baltza prestatzen. 16:30ean, kultura etxean, aurpegiak margotzeko eta beldurrak idazteko aukera izango dute herritarrek. 17:30ean, ludotekan, Haur Hezkuntzako umeentzako kalabaza sentsorialen eskulana egingo dute. 19:00etan, berriz, hildakoen martxa izango da. Ausartenak hilerritik abiatuko dira, eta gainerakoak parketik batu ahal izango dira. Amaitzeko, herriko plazan Arima galduen topaketa egingo dute, eta edabe magikoa eta dantzak egongo dira bertan.
Eskoriatzan eta Antzuolan, zapatuan
Antzuolan Gau Beltzaren ospakizuna hasi ziren sustatzen Idolaz, Herri Eskola, Pausoka eta Udala elkarlanean eta hirugarren aldia beteko du aurten Euskal Herriko tradizioetan oinarritutako egitarauak. 18:00etan elkartuko dira, gaztetxean, mozorroak soinean, eta denak prest daudenean, 19:00etan, hilerrirantz abiatuko dira. Bertan, kopla batzuk abestuko dituzte, dolu perinataleko gunean. Plazan, txalapartariek egingo diete ongietorria, eta ekitaldi labur bat egingo dute jarraian, bi aurkezlek gidatuta; aurrez idatzitako beldurrak lapikora botako dituzte, sinbolikoki erretzeko. Ondoren, lapikoaren inguruan suaren erritua egingo dute, sorgin dantzako pausoak interpretatuta.
Antzuolan koplak abestuko dituzte hilerrian
Eskoriatzan, arratsalde osorako programa prestatu dute eta egitarauak hainbat adin tartetara egokitutako proposamenak bilduko ditu. 17:00etan, Haur Hezkuntzako haurrek beldurrezko ibilbidea egingo dute herrian, eta Lehen Hezkuntzakoek, berriz, beldurrezko etxean parte hartuko dute, kultura etxean, 17:15ean hasita. Ondoren, 18:00etan, gaztainak erretzen hasiko dira Fernando Eskoriatza plazan. 19:00 aldera egingo dute, berriz, ekitaldi nagusia. Beldur harrapakariak irtengo dira plazara, herriko txalapartariak arituko dira, eta Gorosarri Dantza taldeko kideek dantza egingo dute.
Leintz Gatzagan ere zapatuan ospatuko dute. 18:30ean elkartu eta ihes gela txiki bat egingo dute; ondoren, kaleak apainduko dituzte, gozoki-eskea egingo dute, eta afari merienda Toki Eder elkartean.