Beldurrak sutara botata eta sorgin dantzarekin ospatuko dute Gau Beltza

Hasier Larrea

Iazko Gau Beltzean, beldurrak lapikora bota zituzten momentua. GOIENA

Zapatuan, hilak 31, goizean prestatuko dituzte arratsaldeko ekitaldirako detaileak.

Halloween eguna baino gehiago, Gau Beltzaren ospakizuna hasi ziren sustatzen duela pare bat urte Idolaz, Herri Eskola, Pausoka eta Udala elkarlanean. Hirugarren aldia beteko du aurten Euskal Herriko tradizioetan oinarritutako egitarauak. Zapatuan, goizetik hasiko dira arratsalderako prestakizunak. Izan ere, Idolazeko kideek 11:30erako deitu dituzte LH1etik gorako neska-mutilak, gaztetxean kalabazak hustu eta sorgin dantzaren entsegua egiteko, eta txikiagoak gurasoek lagunduta bertaratu ahal izango dira.

Jone Larrañaga Kultura teknikariak esan duenez, aurtengo helburuetako bat "sorgin dantza iaz baino hobetoxeago" egitea izango da; horregatik antolatu dute entsegua, hain zuzen. Hala, Oinarinekoen laguntzarekin errepasatuko dituzte pausoak. 

Hilerritik plazara

18:00etan hasiko da herria Gau Beltzaren traza hartzen. Ordu horretan elkartuko dira, gaztetxean, mozorroak soinean, eta beldurrak idaztea izango da lehen ekintza. Denak prest daudenean, 19:00en bueltan, hilerrirantz abiatuko dira. Bertan, kopla batzuk abestuko dituzte, dolu perinataleko gunean. Jarraian, Imanol Lizarralde zinegotziak adarra joko du, plazara jaitsiko direla abisatzeko. Kalabazek eta kandelek lagunduta egingo dute ibilbidea partaideek.

Plazan, Aitzgarbiko kideek Lapatzako kalabaza eta kandelekin prestatuko duten dekorazio berezia izango dute zain. Sandra Melero eta David Martin txalapartariek egingo diete ongietorria, eta ekitaldi labur bat egingo dute jarraian, bi aurkezlek gidatuta. "Iaz bezala, lapiko handi bat kokatuko dugu erdigunean, eta herritarrek aurrez idatzitako beldurrak lapikora botako dituzte, sinbolikoki erretzeko. Aurrez idatzi ez dituztenek bertan izango dute horretarako aukera", esan du Larrañagak.

Ondoren, lapikoaren inguruan suaren erritua egingo dute, sorgin dantzako pausoak interpretatuta. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, edonork parte hartu ahal izango du, aurretik entseguetara joan beharrik gabe, dantzaren pausoak "errazak" direla iritzita.

Beraz, beldurrei aurre egiteko erritu sinboliko eta parte-hartzaile batekin borobilduko dute Gau Beltza, adin guztietako antzuolarrak elkartu eta zero kilometroko ospakizunari indarra emateko helburuarekin.

Bertsoak, aurtengo berrikuntza

Gau Beltzaren baitako hilerriko egonaldia "beste aldietan baino beteagoa" izan dadin, aurten kopla batzuk kantatuko dituzte Gure Txikixak dolu perinataleko gunean. Idolazeko Iraia Gabilondok esan du gune berri horrek "samurtasuna" ematen diola hilerriari, eta aproposa dela egitarauko partaideak bertan elkartu eta bertsotan egiteko. 

Kaleko bertso eskolako Jon Matak idatziko ditu koplak, eta goizeko gaztetxeko hitzorduan egingo dute lehenengo kantaldia, arratsalderako doinua eta hitzak ahalik eta gehienek barneratuta eramateko. Heriotzaren, beldurren eta suaren bueltan abestuko dute antzuolarrek. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak