Loramendi euskara elkarteak hainbat ekintza antolatu ditu Aretxabaletan Gaba Baltzaren bueltan. Astelehenean hasi zuten egitaraua, eta urriaren 30ean, egubakoitza, egingo dute ospakizun nagusia. Aurten, kale-eskea ginkana handi baten bidez egingo dute, eta haur zein helduak kukumarruz mozorrotuta parte hartzera gonbidatu dituzte antolatzaileek.
Ginkana 18:00etan hasiko da, baina parte hartu nahi dutenek 17:30ean eman beharko dute izena, Loramendi euskara elkartean. Taldeka egingo dute kale-eskea, eta talde bakoitzean gutxienez heldu batek egon beharko du. Herriko kaleetan barrena hainbat proba egin ondoren, 19:30ean amaituko dute Herriko Plazan. Ondoren, 20:00etan, Gaba Baltzako ekitaldia egingo dute Mitarte kalean.
Ihes-gelarako izen-ematea, bihar arte
Beste urte batez, ihes-gela ere izango da Gaba Baltzako egitarauaren parte. Aurten udaletxe zaharrean prestatu dute, eta sei egunetan egongo da parte hartzeko aukera: urriaren 30ean eta 31n, eta azaroaren 1ean, 6an, 7an eta 8an.
Ihes-gelan parte hartzeko izena emateko azken eguna bihar izango da, urriak 29. Horretarako, izen-emate formularioa bete beharko dute interesdunek, eta eguna eta txanda aukeratu. Talde bakoitzak 25 euro ordaindu beharko ditu, eta Loramendiko bazkidez osatutako taldeek, berriz, 20 euro.
'Tximeletaren bidaia', azaroaren 5ean
Era berean, azaroaren 5ean, Tximeletaren bidaia izeneko ipuin kontaketa egingo dute. Jarduera horren bidez, heriotza eta dolua landuko dituzte.