Beldurrez eta misterioz beteko dira kaleak, biharko Gau Beltzean

Amaia Txintxurreta Guridi

Iazko Gau Beltzean, hainbat herritar hilerrian.

Herriko hainbat elkarte eta erakunde ibili dira bihar, egubakoitza, ospatuko duten Gaba Baltza prestatzen eta arratsaldean hainbat ekintza egingo dituzte.

Txirritola, Guraso Elkartea, Udala, trikiti eta pandero taldea, Lagun Artean dantza taldea, Papargorri abesbatza, Alaiak kantu taldea, Aramaixo Herri Eskola eta gazte txokoa aritu dira aurtengo Gaba Baltzerako egitaraua prestatzen. Bihar, egubakoitza ospatuko dute.

16:30ean, kultura etxean, aurpegiak margotzeko, beldurrak idazteko eta kaleak apaintzeko ontziak prestatzeko aukera izango dute herritarrek. Herri Eskolan ere kriseiluak eta kandelentzako ontziak egiten ibili dira aurreko egunetan. 17:30ean, ludotekan, Haur Hezkuntzako umeentzako kalabaza sentsorialen eskulana egingo dute. Ordu berean, parketik abiatuta, Lehen Hezkuntzako ikasleentzako Gaba Baltzeko ihes gela hasiko da.

19:00etan, berriz, hildakoen martxa egingo dute. Ausartenak hilerritik abiatuko dira, eta gainerakoak parketik batu ahal izango dira. Iazko martxa antzerki moduan egin zuten, hilerritik plazara. 

Amaitzeko, herriko plazan Arima galduen topaketa egingo dute, eta edabe magikoa eta dantzak egongo dira bertan. Gaztetxoek ere izango dute beren ospakizuna: Gau Beltza festa egingo dute gazte txokoan, 19:00etatik 21:30era.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak