Kalabazen kalejirak hartuko ditu bihar lehen aldiz Bergarako kaleak, Gau Beltza ospatzeko

Idoia Aranbarri Arzuaga

Haurrak mozorrotuta, iazko Gau Beltzean. (Argazkia: GOIENA).

Ohi baino egitarau zabalagoa antolatu dute herriko hainbat eragilek elkarlanean, eta bihar arratsaldean 17:00etatik gauera bitartean egongo da zertaz gozatu. Gauean, Bautista Leprosoaren bisita gidatua egingo da, baina izena eman behar da.

Atzo hasi zituzten Gau Beltzeko ospakizunak Bergaran, Oxirondon egin zuten gaztaina erre janarekin, eta bihar ospatuko dute egun handia. Aurten, herriko hainbat eragile aritu dira antolaketa lanetan elkarlanean –Xaxau Jai Konpartsa, Jardun Euskara Elkartea, Bedelkar, Elikaenea, Camden Dance Studio eta Bergarako Musika eta Dantza Eskola, Udalaren babesarekin–, eta ohi baino egitarau zabalagoa prestatu dute; Xaxauren esanetan, "misteriotsua eta herrikoia", aldi berean.

Gau Beltza indartu egin nahi izan dute, eta Jardunek gaineratu du eragileen arteko elkarlanari esker ospakizuna "parte-hartzaileagoa eta ikusgarriagoa" izan daitekeela: "Dena leku bakar batean egin beharrean, askoz politagoa eta ikusgarriagoa izango den kalejira egingo da. Askoz alaiagoa eta erakargarriagoa izango da".

Kalabazen kalejira, estreinakoz

Egitarauko berritasun nagusia 19:00etan hasita egingo duten Kalabazen kalejira izango da. Oxirondotik abiatuta, Fraiskozurin eta Irala kalean egingo dituzte geldialdiak eta Irizar jauregiko parkean egingo dute amaierako ekitaldia, 20:00 aldera. Kalejiran zehar, Bergarako Musika eta Dantza Eskolako eta Camden Dance Studioko dantzariek hartuko dute parte. 

Camdeneko kideek "gogo handia" daukate bihar kalera ateratzeko. Estudioko 90-100 lagunek hartuko dute parte, eta taldekako proposamenak, batez ere, dantza urbanoko piezak izango dira. Dena den, koreografia bateratuago batean ere hartuko dute parte, LH1etik aurrerako ikasleekin, Ene Kantak taldearen Arimen gaua abestiarekin. Musika Eskolatik, berriz, 30 bat ikasle aterako dira kalera, eta bi koreografia egingo dituzte.

Jardunek aurreratu du, dantzez gain bertsoak ere egongo direla, eta bukaerako ekitaldian Jardun Antzerki Eskolak ere parte hartuko duela. Ekitaldiaren amaieran, Jardunen III. Mikroipuin Lehiaketako irabazlearen berri eman eta haren testua irakurriko dute: "40 mikroipuin inguru jaso ditugu, eta oso pozik gaude parte-hartze kopuruarekin. Geroz eta zailagoa da jendea idazten jartzea. Guretzat arrakasta izan da". Kalejirara mozorrotuta joateko dei egin diete antolatzaileek haurrei eta helduei.

Tailerrak, jolasa eta gehiago

Kalabazen kalejiraren aurretik, ordea, egongo da zertaz gozatu. Izena eman duten Bedelkarreko komertzioetan Xanduli manduli eskea egongo da, 17:00etan hasita. 17:30ean, berriz, haurrendako tailerrak egingo dituzte, Oxirondon, hala nola kalabazak hustu, aurpegiak margotu eta mozorrotu. Norberak eraman beharko ditu mozorroak eta kalabazak. Gau Beltzean eta euskal mitologian girotutako helduendako –14 urtetik aurrera– Trivial lehiaketa egingo dute 18:00etan. Hiruzpalau pertsonako taldeak osatu, eta unean bertan eman beharko da izena. Bedelkarren gastatzeko 20 euroko bonuak jasoko dituzte sarituek.

Bautista Leprosoak aurten ere bi bisita gidatu egingo ditu: 21:30ean, euskaraz; 23:00etan, gaztelaniaz. Doakoa da, baina aurrez izena eman behar da, ugutztours@gmail.com helbidean edo 695 75 34 30 telefonoan.

Gau Beltzeko egitaraua

Honako egitaraua antolatu dute biharko:

  • 17:00 Xanduli manduli, Bedelkarreko komertzioetan eskea.
  • 17:30 Haurrentzako tailerrak, Oxirondon.
  • 18:00 Helduentzako Trivial lehiaketa, Oxirondon.
  • 19:00 Kalabazen kalejira, Oxirondon hasita.
  • 20:00 Amaiera ekitaldia, Irizar parkean.
  • 21:30 Bautista Leprosoa, euskaraz.
  • 23:00 Bautista Leprosoa, gaztelaniaz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak