"Duela hamar urte inguru" pixkanaka hasi zena egonkortutako festa da egun, gero eta arrasatear gehiagoren egutegietan gorriz dago-eta markatuta Gaba Baltza. Urriaren 30eko Arimen Biltzarraren antolakuntzan talde eragilea dira Txatxilipurdi, AEDko Ttak gazte-taldea eta Ekin Emakumeak Elkartea, baina jai berezira batu dira Doke Antzerki Eskola, Arrasateko Trikitixa Eskola, Arrasateko Txistulariak, Goikobalu Abesbatza, Txikitxu-Arrostaitz Dantza Taldea eta Ttakun Txalaparta Taldea.
"Xumetik" hasi, gaur egunera arte
Txatxilipurdiko zuzendari Itsaso Garaik ondo gogoratzen du nola hasi zen argitzen Gaba Baltza. "Gurea ez den Halloween festaz harago, bagenekien gurean ere ospatzen zela uztaren amaiera eta neguaren etorrera irudikatzen zuen festa berezia. Baserritarrak sasoi honetan joaten ziren mendira animalien bila, eta, itzulerako bidaia argiztatzeko, bizilagunek kandelak jartzen omen zituzten kalabazetan... Alegia, baditugula gure ohiturak. Horregatik, duela hamar bat urte hasi ginen ekintza batzuk egiten, xumetik eta ludoteka zein gazte txokoetan, baina gero, kaleratzea erabaki genuen, festaren jatorriaz hausnartzeko. Urtez urte hazten joan da, gero eta kukumarro gehiago ikusten dira, Ibai-arte ere batu da erakusleiho lehiaketarekin... ".
Gaba Baltzaren Batzordeak arimei dei egin die kukumarro edo baserritar janzteko
Monterron, 'arimen' topagune
Arimen Biltzarrerako, Gaba Baltzaren Batzordeak arimei dei egin die kukumarro edo baserritar janzteko –Txatxilipurdikoek bideo bat argitaratu dute asteon, kukumarro nola jantzi daitekeen erakusteko–. Biteri plazan hasiko da festa (18:30); Ilargitxo kukumarroz inguratuta helduko da Biterira, eta, ondoren, kalejiran joango dira Monterronera.
Monterronen bizi izango da une gorena: kukumarroen antzezlana; Goikobaluren Izartxoak taldearen kantaldia; txalapartariak, trikitilariak, txistulari eta dantzariak... "Gau bizia bezain beldurgarria ospatuko dugu denok elkarrekin. Gurea den aspaldiko ohitura batetik dator, eta giro berezia sortzen da: gaua, iluntasuna, misterioa, bihurrikeria... Etorri Biterira, ederto pasatuko dugu eta ", esan du Garaik. Bestalde, tren geltoki zaharreko gaztelekua Beldur Etxe bihurtuko dute urriaren 31rako eta azaroaren1erako, 12 urtetik gorako nerabeei zuzenduta.

Ibai-Arteren erakusleiho lehiaketa: bozketa, azaroaren 1era arte
Ibai-arte Elkarteak erakusleiho lehiaketa antolatu du aurten ere. Hamabi komertziok hartu dute parte: Altuna Lurrindegia, Arrasate Optika, Bea Lentzeria, Ennea, Josle, Kapikua, Kids&Us, Kili-Kolo, Loramendi (Garibai), Luko, Portaloi Optika eta Resusta Karrikiri. Erakusleiho irabazleak bozketa bidez hautatuko dituzte; botoa eman daiteke Whatsapp bidez (688 73 41 49), azaroaren 1era arte – telefono bat, boto bat–. Saltokiendako bi sari egongo dira, Ibai-arteko dendetan trukatzeko bonuekin: lehen saria 300 eurokoa izango da eta bigarrena, 200 eurokoa. Botoa ematen duten herritarren artean, berriz, 50 euroko lau erosketa-bonu zozketatuko dituzte.