Beldurrezko errituek hartuko dute plaza, beste urte batez, Gaba Baltzean

Imanol Beloki Unamuno

Iaz, dantzan, Fernando Eskoriatza plaza beteta zela. Idoia Lahidalga

Urriaren 31n, zapatuan, Gaba Baltza ospatuko da Eskoriatzan, eta, ekintza ugari antolatu dituzte herritarrentzat. Besteak beste, kultura etxea beldurren etxe bihurtuko da, lehen aldiz, LHko ikasleentzat.

Iazko harrera onaren ondoren, Eskoriatzan Gaba Baltza ospatuko da aurten ere, urriaren 31n. Haur eta gazteei zuzendutako jarduerak antolatu dituzte, batez ere, eta aurten, gainera, berrikuntza bat izango da: Lehen Hezkuntzako haurrentzako beldurrezko etxea egingo dute kultur etxean.

Beldurrezko ibilbidea

Gaba Baltzaren atariko ekitaldien barruan, gaur, eguena, Beldi, beldur harrapakarixa ipuin-kontaketa egingo dute bibliotekan. Dorleta Kortazar kontalari eskoriatzarrak Beldiren istorioa kontatuko du, 18:15ean, euskaraz, 4 urtetik gorako haurrei zuzendutako saioan. Zapatuan, berriz, Gaba Baltza ospatuko da, eta arratsalde osorako programa prestatu dute. Itsaso Pagoaga Eskoriatzako Udaleko Kultura teknikariak azaldu duenez, egitarauak hainbat adin tartetara egokitutako proposamenak bilduko ditu. "Haur Hezkuntzako haurrek, esaterako, herrian zehar beldurrezko ibilbidea egingo dute, eta bidean kontakizun desberdinak izango dituzte entzungai". Jarduera hori 17:00etan hasiko dute, Tortolis ludotekak antolatuta. Ez da izenik eman beharko; hala ere, haurrek gurasoekin joan beharko dute". Gainera, mozorrotuta joateko eskatu dute; ibilbidea ludotekan hasiko da, eta plazan amaitu.

Lehen Hezkuntzako haurrek, berriz, beldurrezko etxean parte hartzeko aukera izango dute, kultura etxean, 17:15ean hasita. Jarduera horretan parte hartzeko, izena eman beharko dute karteletako QR kodeen bidez. Banaka, binaka edo hirunaka eman ahal izango dute izena, eta parte-hartzaileek txandaka bisitatuko dute etxea. Mozorroa ez da derrigorrezkoa izango, baina antolatzaileek mozorrotuta joatera animatu dituzte haurrak.

Gorosarri Dantza Taldeko 40 dantzari inguru izango dira mozorrotuta dantza egiten

Plaza, festaren erdigunea

Urriaren 31ko arratsaldean, 17:30ean, beldurrak idazteko eta marrazteko txokoa izango dute herritarrek. Ondoren, 18:00etan, gaztainak erretzen hasiko dira Fernando Eskoriatza plazan. 19:00 aldera egingo dute, berriz, ekitaldi nagusia. "Beldur harrapakarixak irtengo dira plazara, herriko txalapartariak arituko dira, eta Gorosarri Dantza taldeko kideek dantza egingo dute. Horrez gain, beldur-erretze erritua egingo dute, dantzarien laguntzarekin". Antolatzaileek herritarrak ere dantzara batzeko gonbita egin dute. Gorosarri Dantza Taldeko 40 dantzari inguru izango dira Fernando Eskoriatza plazan mozorrotuta dantza egiten, antzerki txiki batek lagunduta, 20 minutuko iraupena izango du saioak. "Gorosarri Dantza Taldea eta herria batzea da asmoa, guztiok, elkarrekin Gaba Baltza ospatzeko. Dantza taldetik 60 lagun elkartuko gara plazan eta bukaeran danok fandango eta arin-arinera batzera animatzen ditugu", azaldu du Dorleta Ezeizak, Gorosarri Dantza Taldeko kideak. Eguna borobiltzeko, zezensuzkoa izango da.

Gaztelekuan ere izango dute Gaba Baltzaz gozatzeko aukera Eskoriatzako nerabeek. Izan ere, galletak eta beldurrezko istorioak izango dituzte eskura.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak