Bergaran, Oñatin, Aretxabaletan, Eskoriatzan eta Arrasaten eman diete goizeko mobilizazioei, besteak beste. Arrasaten, Maiatzaren Bata plazatik abiatu da ehundaka herritarrek osatu duten manifestazioa, eta herriko hainbat kaletatik igaro eta gero, Herriko Plazan eman diote bukaera mobilizazioari gutxieneko soldata propioaren aldeko aldarria eginez. Ibilbidean zehar, Zaharren Egoitzan, banketxeetan eta DIA supermerkatuaren atean egin dituzte geldialdiak, grebaren arrazoiak nabarmentzen eta soldata propioa gutxienez 1.500 eurokoa izatea eskatzen.
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak ere babesa erakutsi dio greba orokorrari, eta Arrasateko pentsionistak ere irten dira kalera aldarria egitera. Soldata eta lan prekarietate handiena pairatzen duten pertsonak, besteak beste, emakumeak, migratzaileak eta gazteak direla adierazi dute, eta 1.500 euroko gutxieneko soldata lortzeak aurrerapen handia ekarriko lukeela azpimarratu.
ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariek grebaren gaineko balorazio positiboa egin dute. Hain zuzen ere, Debagoieneko ELA sindikatuko koordinatzaile Eneritz Aristondok adierazi du euren helburua "lan zentroetako produkzioa etetea" zela eta "oso pozik" daudela helburua lortu izanagatik. LAB sindikatuko federazio publikoko langile Jokin Zubiriak egunak eman duenaren "balorazio borobila" egin du "105.000 pertsona baino gehiago atxikitu direlako mobilizazioetara". "Emaitzek erakusten digute arazoaren tamaina; izan ere, badakigu Hego Euskal Herrian bost langiletik batek duela 1.500 eurotik beherako gutxieneko soldata propioa. Espero genuen halako emaitza bat, baina horrela izan dela ikusi dugunean lasai geratu gara gure aldarrikapenak izan duelako behar zuen oihartzuna", gehitu du.
Eibarko manifestazioa
Bailarako mobilizazioek izan duten harrerarekin pozik agertu dira greba deitzaileak. Horrez gain, eguerdian Eibarren egindako manifestazioan egon den jende kopurua nabarmendu dute. Aristondok adierazi du "oso manifestazio jendetsua" izan dela eta azpimarratu du "indar erakustaldi bat" izan dela 4.500 pertsona inguru batu izana. Zubiriak nabarmendu du "Eibarko kaleak bete izana lantokiak hustuaz".
Debagoieneko jarraipena
Zubiriak nabarmendu du Debagoieneko zerbitzu publikoetan grebak izan duen jarraipena "zabala eta ia erabatekoa" izan dela. Enpresei erreparatuz gero, "gora-beherak" egon direla azpimarratu du, baina balioan jarri gura izan du kooperatibetako langile askok grebaren aldeko botoa eman izana: "Deigarria egiten zaigu zenbaiten ahotan aberastasunaren banaketaren inguruko teorizazioak eta lanak aldarrikatzen direnean nola ez den atxikimendu orokorrago bat egon, justu greba honek horri heltzen dionean. Hala ere, azpimarratu gurako genuke kooperatibetan botazio lotezleengatik hainbat langile ez direla kalera irten, baina baiezko bozka asko egon direla. Horiei guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu LABetik, kooperatibetan ere ahalegina egin delako grebaren alde egiteko".
Aurrerantzean, bide beretik jarraituko dutela adierazi dute sindikatuetako ordezkariek, eta aldarrikapenera ahalik eta jende gehien batu dadin, herritarrek ateak irekita dituztela jakinarazi dute.
EAJ eta EH Bilduren balorazioak
Arkaitz Rodriguez EH Bilduren Ekintza Politikorako idazkariak Donostiako manifestazioan hartu du parte eta esan du soldata duinagoak "autogobernu handiagoaren eta burujabetza handiagoaren" sinonimo direla: "Kalera atera gara eskatzera Gasteizko eta Iruñeko gobernuei ez diezaiotela bizkarra eman gehiengo batena den aldarri honi; badago oinarri-oinarrizko problema bat hemen, Euskal Herrian, bizitzaren kostua Estatuarena baino %20 handiagoa baita. Baina hemen gutxieneko soldata hori estatuko berdina da. Eta hau ez da batere bidezkoa".
Gipuzkoako EAJk ere greba-egunaren gaineko balorazioa plazaratu du. Pertsona guztientzat gutxieneko soldata duin baten alde dagoela eta pertsona ororen grebarako eskubidea defendatu du. Hala ere, Euskadik eta Nafarroak "tamalez" gaur egun LGSren gaineko eskumenik ez dutela azpimarratu du, eta greba-deitzaileek "ezkutatu" egiten dutela hori, "gizartean nahasmendu-sentsazioa sortzeko". Bestalde, grebarik ez egiteko eskubidea ere aipatu du: ."Atzo, hain oinarrizkoa den premisa hori zapaldua izan zen. Milaka pertsona izan ziren piketeek egindako ekintza bortxatzaileen, errepide-mozketen, enpresetako sarbideetan jarritako oztopoen, barrikaden edo komertzioen aurreko intimidazioen biktima, besteak beste".