ELA, LAB, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek deituta, grebara jo dute gaur Debagoieneko hainbat langilek.
Deialdiaren helburua da lanbideen arteko gutxieneko soldataren eskuduntza Euskal Herrian egotea eta soldata propioa gutxienez 1.500 eurokoa izatea. Bai ELA bai LAB sindikatuetako ordezkariek greba deialdiak jasotako babesa nabarmendu dute.
Eguneko lehen mobilizazio nabarmena Elorregikoa izan da. 07:30ean ordu erdiz egon da zirkulazioa guztiz etenda Debagoieneko puntu horretan. Auto karabana batek hartu ditu Debagoieneko bihotzean dagoen biribilguneko bi erreiak eta ez dira bertatik mugitu Ertzaintzako hainbat patruila bertaratu diren arte.
Agenteek bidea libre uzteko eskatu diete manifestariei baina luze jo du guztiak mugitzea. Ordu horretan zirkulazio handia dago Elorregin eta ilara handiak sortu dira berehala. Ertzaintzak hiru auto gelditu eta barruko bidaiariak identifikatu ditu. Kanpanzarren ere izan dira istiluak goizean goiz. Zabor edukiontziak errepidera atera eta su eman diete hainbat lagunek.
Bailara mailako zerbitzuak
Bailara mailan, Debagoieneko Mankomunitateko langileek bat egin dute grebarekin eta itxita egon da gaur egun guztian zehar. Debagoieneko Ospitalean, bestalde, greba egin edo ez norbanakoaren erabakia izan da.
Horrekin lotuta, Jaurlaritzak zerbitzu minimoak jarri ditu. Ospitaleetan jai egunetako arreta dago bermatuta. Lehen arretan larunbat batekoa eta larrialdietan %100ekoa. Garraioan %30eko gutxieneko zerbitzuak daude eta hezkuntzan zuzendaritzako kide bat eta etapa bakoitzeko irakasle bat daude ikastetxeko.
Goiena Komunikazio Taldeko langileek ere bat egin dute deialdiarekin, nahiz eta grebaren jarraipena egiteko zerbitzu minimoak egon diren.
Arrasate: piketeak komertzioetan
Arrasateri dagokionean, hemen ere greba egitearen aldekoak izan dira Udaleko langileak eta ondorioz, Udal Biblioteka eta Musakola kiroldegia itxita egon dira. Debagoieneko AEKn eta Emun kooperatiban ere bat egin dute grebarekin.
Industrian, Hiper Eroskiko, JMAko, zein Fagor Elektronikako langileek bat egin dute deialdiarekin. Ez horrela Fagor Automation, eta Mondragon Goi Eskola Politeknikoko Arrasateko campuseko langileek.
Sindikatu deitzaileek goizean Arrasaten egindako kalejira herriko plazatik abiatu da. Erdigunean zabalik topatu dituzten komertzioetara eta negozioetara egin dute, greba deialdiarekin bat egiteko eskatuz. Lanbideko bulegoetan eman dira zenbait tentsio une ertzaintzako agenteekin. Piketeak informatiboak behar dutela azpimarratu diete manifestariei eta ez bortxazkoak.
Bergara: Udal langileen babesa
Lasaiago joan da goizeko pikete-kalejira Bergaran. Talde jendetsua abiatu da Espoloitik 09:30ean. Komertzio gutxi aurkitu dituzte zabalik eta horiek ixtera gonbidatu dituzte. Bergarako Udal langileen babesa izan du greba deialdiak, eta ondorioz, bertako zerbitzuak itxita egon dira gaur. Aranzadi Ikastolako, Mariaren Lagundia Ikastolako eta Ipintza Institutuko langileek ere bat egin dute grebarekin.
Industriako lantegiei dagokienean, greba babestu dute Arcelor Mittalen, Eroskin, Lazpiurren, Cotones Agirrezabalen zein Gehiberren. Greba egitea edo ez langileen esku egonda da TTT fabrikan, Tornilleria Deban, San Martin ikastetxean edo Miguel Altuna Lanbide Heziketa zentroan.
Oñati: MUko Enpresagintzako langileak ere grebara
Oñatin ere greba eguneko pikete-kalejira egin dute goizean Foruen plazatik abiatuta. Oñatin Udaleko langileek bat egin dute greba deialdiarekin. Hala, udal bulegoak, Zubikoa kiroldegia eta kultura etxea, itxita egon dira.
Txantxiku Ikastolako, Errekalde ikastetxeko eta Elkar Heziko langileak ere grebara gehitu dira. Baita ere MUko Enpresagintzako Oñatiko campuseko langileak.
Oñatiren kasuan, Natra eta Hijos de Juan Garay izan dira herriko lantegi handien artean grebarekin bat egin dutenetakoak. Ulma taldeko lantegi askotan greba deialdiak ez du babes nahikoa jaso, eta lan egin dute esaterako Ulma Packaging, Ulma Forja, Ulma Construccion, Ulma Polimero, Ulma Carretillas, zein Ulma Agricolan. Mondragon Taldeko Lana kooperatiban ere lan egin dute gaur.
Gainerako herrietan
Debagoieneko gainerako herrietan gutxi gorabehera Arrasateko, Bergarako eta Oñatiko argazkia errepikatu da. Udal zerbitzuetan zein hezkuntza zentroetan langileek bat egin dute greba deialdiarekin.
Herri txikienetako industria enpresei dagokienean greba egin dute Antzuolako Elayko zein Oerliko Balzerseko langileek. Ez horrela Aretxabaletako Coprecik, Eskoriatzako Fagor Ederlanek edo Mondragon Assemblyk, edota Antzuolako Goizperrek.
Eguerdian manifestazioa Eibarren
Debagoieneko ordezkaritza sindikalak Eibarren egin du eguerdiko mobilizazioa. Hiriburuetan eta Deba bailarako Eibar herrian deitu dituzte manifestazio nagusiak. Debagoieneko ordezkariak izan dira bertan, tartean baita Debagoieneko Pentsiodunen Mugimenduko ordezkariak ere.
Arratsaldeko mobilizazioak
Arratsaldera herriz herriko manifestazioak daude deituta, 18:00etan hasita. Arrasateko mobilizazioa Maiatzaren Bata plazan hasiko da eta Eskoriatza, Bergara, Aretxabaleta eta Oñatikoak, berriz, lekuan lekuko herriko plazetan izango dute abiapuntua.
Jaurlaritzak "elkarrizketa soziala" defendatu du
Eusko Jaurlaritzak greba egunaren bueltan han eta hemen sortutako istiluak gaitzetsi ditu eguerdian. Gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan Maria Ubarretxena bozeramaileak adierazi du bat datorrela gutxieneko soldata propioaren aldarrikapenarekin, baina ez hori lortzeko konfrontazio bidearekin eta nabarmendu du gutxieneko soldata propioa lortzeko bidea elkarrizketa soziala dela.
Hezkuntza sailak, berriz, ikastetxe publikoetan grebak izandako jarraipenaren datuak eman ditu 12:30ean. Jarraipena %49koa izan dela esan dute.