Bailarako egoerari erreparatuz gero, Espainiako Bankuak emandako datuak gogoan izanda, 2008an 57 bulego zeuden Debagoienean, baina kopuruak beherantz egin du urteek aurrera egin ahala. Zazpi urte geroago, 2015ean, esate baterako, banketxeek 49 egoitza zituzten bailarako herrietan, 2008an baino zortzi gutxiago; hamasei gutxiago ziren, ordea, 2019an, 41 baitzeuden guztira; azkenik, gaur-gaurkoz, 2024an, 36 bulego daude, duela hamasei urte baino 21 gutxiago. Hala, aipaturiko epealdia aintzat hartuz gero, %36,83 jaitsi da banketxetako bulegoen kopurua eskualdean.
Herriz herriko egoerari dagokionez, 2008ko datuarekin alderatuz gero, Arrasatek eta Bergarak galdu dituzte bulego gehien; hain zuzen ere, hurrenez hurren, hamar eta sei gutxiago dituzte; Eskoriatzan, lautik bira jaitsi dira bulegoak; Aretxabaletan, bostetik laura; eta Oñatin, bederatzitik zortzira. Antzuolan eta Aramaion berdin mantendu da kopurua –Laboral Kutxako eta Kutxabankeko egoitza bana– hamasei urteko epean, baina zerbitzuan murrizketak daude bi kasuetan.
Zerbitzuetan murrizketak
Bulegoak itxi ez arren, banketxe batzuek zerbitzuetan murrizketak egiteko hautua egin dute. Aramaion, adibidez, goiz banatan dago zabalik banketxeetako bana, gutxi gorabehera, sei orduz; Aretxabaletan BBVAk bi egunetan irekitzen du bulegoa; Eskoriatzan, Kutxabankek murrizketak ditu eginak, eta bi egunetan irekitzen du bulegoa, bospasei orduz; Antzuolan, berriz, orain arte bi aldiz zabaltzen zuten bulegoa, guztira lau orduz astean, egoerak aldaketa txiki bat izan duen arren.
Hain justu, Kutxabankek 2020an erabaki zuen arreta zerbitzuaren zati bat Antzuolatik Bergarara eramatea, eta Landatxope erretiratu eta pentsiodunen elkartea egoera saltzen aritu zen orduan. Pilar Etxaniz elkartekidearen arabera, azken asteetan, astelehenen goizetan ere zerbitzua ematen hasi da bankua, baina egoera ez da konpondu: "Berdin jarraitzen du problematikak; esate baterako, kutxazainak txartela irentsiz gero, bizpahiru egun behar dira berreskuratzeko". Azaldu duenez, harago doa problematika, eta batik bat adineko pertsonengan du eragina: "Kutxak diru mordoa irabazten du, eta bitartean bizitza osoan zehar fidelenak diren bezeroek dituzte eragozpen handienak; hori ez zaigu zilegi iruditzen".
Horrez gain, Etxanizek nabarmendu du digitalizazioak ere eragin zuzena duela pertsona horiengan: "Ez dira seguru sentitzen dirua fisikoki ikusten ez badute, eta ezin diote behar diren trebetasunei aurre egin". Horri erantzun bat eman ahal izateko, beraz, erantsi du jendeari tramitazio digitalak egiten laguntzeko leku fisikoak beharko liratekeela.
ANTZUOLAN, ESATERAKO, KUTXABANKEK LAU ORDUZ ESKAINTZEN DU ZERBITZUA ASTEAN; ELGETAN, SOILIK KUTXAZAIN BAT DU
Kutxazainak soilik
Elgetari dagokionez, bulego bakarra izan du urtetan, Kutxabankena, baina 2020an zerbitzua osorik eteteko erabakia hartu zuen. Kutxazaina utzi zuten soilik, baina Jose Antonio Ojanguren Xalbadorpe jubilatuen elkarteko kidearen arabera, horrek ez du banketxeak eman beharko lukeen zerbitzua bermatzen. "Nolabait, umezurtz gelditu ginen. Herriak oso gaizki jaso zuen albistea. Elkarteko kideok gure kexak azaldu genizkien, ez geundela ados esateko, baina alferrikakoa izan zen, ez baitugu erantzunik jaso".
Haren arabera, Kutxabankek hartutako erabakiak, batez ere, adineko pertsonengan du eragina, nabarmendu baitu bulegoaren itxierak, hein handi batean, digitalizazioaren bidean urratsak egitea exijitzen duela. "Jende nagusiarentzat zaila da. KZgunetik antolatzen ditugu ikastaroak, baina ez da jende gehiegi apuntatzen; beraz, menpekoak dira, senideen eta lagunen beharra izaten duelako diruaren kudeaketan". Are gehiago, erantsi du bulegoren batera joan nahi izanez gero, Bergarara edo Elorriora (Bizkaia) joan behar direla, eta horrek adinekoengan ere eragin zuzena duela, mugikortasun arazoak izan ditzaketelako.
Kutxabankek, beraz, Elgetan kutxazain bat uzteko erabakia hartu zuen –Ojangurenen hitzetan, zerbitzua "beste entitate batek" ematen du–, hori baita banketxe horrek duen joeretako bat bulego bat ixterako orduan, bailarako gainontzeko kasuetan antzeman daitekeen eran. Izan ere, herri batzuetan bulegorik egon ez arren, ordezkaritza dute banketxeek, kutxazainen bat edo beste dutelako: Aretxabaletan, Sabadell Guipuzcoano ixtean, kutxazaina utzi zuen; Leintz Gatzagan, berriz, bulegorik ez, baina 2005ean kutxazain bat jarri zuen Kutxabankek.
Banketxeek Debagoieneko beste herrietan duten ordezkaritzari erreparatuz gero, Bergara da entitate gehien batzen dituen herria, bederatzi baititu guztira: Kutxabank, Laboral Kutxa, Caixabank, BBVA, Sabadell Guipuzcoano, Santander, Rural Kutxa, Bankiter eta Bankoa Abanca. Arrasaten eta Oñatin Bergarako berberak daude, Bankiter eta Bankoa Abanca izan ezik; orotara, beraz, zazpi.