Antzuolako Kutxabank bulegoko langile batek jaso du zerbitzu murrizketen kontra herritar talde batek egindako idatzia

Larraitz Zeberio Lekuona 2020ko ira. 25a, 12:54

Hitzordua Bergarako bulegoan zutela esan die herritarrei, eta han zela bulegoko zuzendaria. Dena den, sarrera eman dio agiriari. Erretiratuen taldeko ordezkari Pilar Etxanizek esan du zerbitzu murrizketak kalte handia egiten duela, batez ere teknologia berriekin moldatzen ez diren kolektiboei.

Astean bi egunez eta bi orduz ematen dute zerbitzua, orain, Antzuolako Kutxabank bulegoan. Zerbitzu murrizketarekin haserre elkarretaratzea egin dute bulego atarian hainbat herritarrek. 11:00etan elkartu dira. Landatxope erretiratuen elkarteko ordezkariak eta inguruko herrietatik babesa ematera joandako beste hainbat erretiratu izan dira bertan.

Hainbat lelo jasotzen zituzten esku artean: Murrizketarik ez, Zerbitzu osoa Antzuolan behar dugu, Guk dirua hemen zerbitzuak ere hemen... Hamaikak jota taldeko bi ordezkari bulegoan sartu dira murrizketarik ez egiteko eskaera idatziz entregatzeko. Bulegoko langileak azaldu die 11:00etarako eskatuta zuten hitzordua Bergarako bulegoan zela, eta bertan zela zuzendaria. Dena den, idatziari sarrera eman eta jaso egin du.

Bulegoko langileak ez du adierazpenik egin nahi izan. Landatxopeko ordezkari Pilar Etxanizek esan du murrizketak egitea ez dela bidezkoa Kutxabankek etekinak izan dituelako. Azaldu du online aukera ez da erreala adin batetik aurrerako bezeroendako eta zalantza azaldu du gaurko hitzorduarekin egon den gorabeherarekin. "Ez dakigu gaizki ulertua izan den edo honezkero Bergarara bideratzen gaituzten halako operazioetarako".

Gutuna Donostian dagoen Gipuzkoako bulegoen arduradunari eramateko eskatu dute. Kutxabankek, berriz, GOIENAri jakinarazi dio erabakia gizarteak egun dituen beharrak aztertuta hartu dutela. "Digitalizazioaren aroan gaude eta online egiten dira operazio gehientsuenak. Pandemiak, gainera, sustatu egin du sarearen erabilera. Hala ere, herriko adinekoak aintzat hartuz, astean bitan bulegoa irekiko dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak