Banketxe zerbitzua ematen duen bulego bakarra dago Elgetan, Kutxabankek Mendizaleen Plazan daukana. Ixtekoa dela zabaldu da gaur herrian; izan ere, hainbat bezerok sukurtsal horretako langileen telefono deiak jaso dituzte goizean zehar albistearen berri emateko. Azaldu zaie erreferentziazko bulegoa, aurrerantzean, Bergarakoa izango dela.
Argitzeko dago itxiera noiz gauzatuko den. Iraitz Lazkano alkateak adierazi du Udalak ez duela, oraingoz, itxieraren inguruko jakinarazpen ofizialik jaso. "Astebete inguru dela jakin genuen aukera hori aztertzen ari zirela. Hortik aurrera, Udalak ez du bestelako jakinarazpenik jaso. Gaur, albistearen berri izan dugunean gauzak argitzen saiatu gara, eta idatziz jaso ez badugu ere jakin dugu Kutxabankek itxi egingo duela Elgetako bulegoa. Bigarren dei batean konfirmatu digute kutxazain automatikoa mantendu egingo dutela. Argitzeko dagoena da zerbitzu hori nola emango duten, kanpoko kutxazaina izango den edo bestelakoa".
Kontuak hautsak harrotu ditu Elgetan. Adineko pertsonak, teknologia berriekin konpontzen ez direnak eta herriko merkatariak izango dira, seguruenik, kaltetuenak.
Iraitz Lazkano alkateari erabaki onartezina iruditzen zaio. "Kutxabank bezalako entitate batek horrelako jarrera komertzialak izatea larria dela uste dut. Ulergaitzagoa da jarrera, jakin badakigunean Kutxabanken irabaziek gora egin dutela –%6 2018tik 2019ra–, eta 2019an 352,2 milioi euroko irabazi garbiak izan zituenean. Pribatizazioaren bidean galdu ditugu izaera sozialdun aurrezki kutxa izandakoak".