Durangoko Azoka, osotasunean oraingoan, 'eztanDA!' egiteko gertu

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2022ko abe. 5a, 12:20

2021eko Durangoko Azoka.

Abenduaren 7an hasi eta 11ra bitartean kulturaren plaza eta euskaltzale askoren topagune bilakatuko dira Landako gunea eta Durangoko beste hainbat txoko; azkeneko urteetan ez moduan, bada, ohiko azokaren itxura izango du aurtengoak.

930 kultura nobedade eta 250 kultura ekitaldi baino gehiago egongo dira eguaztenean abiatu eta domeka bitartean egingo duten Durangoko Azokan. EztanDA! da aurtengoak duen leloa eta Ruben Ramos diseinatzaileak egin du 57. edizioko irudia; sorkuntzaren eta jaiaren eztanda irudikatu du, "big bang" baten moduan zabalduko den burrunba. "Azken bi urteetako testuinguru konplikatuari aurre egin ostean, euskal kultura bor-bor izango da edizio honetan. Euskal kulturaren plazari bizitza emateko momentua heldu da oraingoan, haren gune eta espazio guztietan", azaldu du Gerediaga elkarteko koordinatzaile Beñat Gaztelurrutiak.

Aurten argitaratutako produktuak zein zaharragoak era fisikoan erosteko aukeraz gainera, online dendan ere eskuragarri egongo dira abenduaren 7tik 10era bitartean; Durangokoazoka.eus webgunean kontsultatu daiteke katalogoa.

'Gazte eztanDA!', estreinakoz

Landako Guneko ateak zabaltzearekin bat, ikasleak izango dira Azokan protagonista; Euskal Herri osotik joango diren 1.500 ikaslerentzako tailerrak antolatu dituzte eta, estreinakoz, hezitzaileentzat eskaintza ere egongo da aurten.

Baina, aurreko aldiekin alderatuz, bada berritasunik; izan ere, abenduaren 9an, Gazte eztanDA! ospatuko dute, gazteei begirako eguna. Hamaika kultur ekitaldi egongo dira; horien artean, gazte bazkaria, ginkana, Euskara Abentura ekimenak eta, egitaraua borobiltzeko, 19:00etan hasita, ElektroPottotte eta OstiKda elektrotxarangak izango dira.

Eskualdeko musika-uzta

141 musika ekoizpen berri izango dira eskuragarri; horien artean, Debagoieneko musikariek sortutakoak. Uzta zabala izango da. Besteak beste, asteotan argitaratutakoak izango dira: Ines Osinaga arrasatearraren bakarkako estreinako lana, Itsasoa da bide bakarra izenekoa Elkar argitaletxearen saltokian izango da eskuragarri eta Plateruena antzokian aurkeztuko du Osinagak abenduaren 8an, 12:30ean hasita. Horrez gain, Bergarako Harria taldearen lehen diskoa eta Arrasateko Assataren bigarrena ere, Oasia, Landako Gunean izango dira. "Dantzatu, madarikatuok! (2019) lanean abiatutako dantzarako musikan are gehiago sakontzen du zortzi kantu dituen bildumak, jendarte bezala bizi dugun garaiari eta dantzan jartzen gaituen sistemari oraindik eta zorrotzago begiratzen dionak", azaldu dute Assata taldeko kideek. Musikazuzenean standean izango da eskuragarri eta Plateruena antzokian erakutsiko dute abenduaren 10ean, 12:10etik 12:40ra bitartean egingo duten emanaldian.

Aipatutakoez gain, Arrasateko hiru kide dituen Neomak zazpikotearen estreinako lana ere nobedadeen zerrendan dago; Mauka eta Airaka musikagintzaren saltokian izango da eta zuzenean ikusteko aukera ere bai, Plateruenan, abenduaren 8an, 13: hasita. Eta agertoki berean aurkeztuko du Oñatiko Keia taldeak, abenduaren 9an, Musikazuzenean standean salgai izango duen Erregaia lana.

Autoekoiztutako eskualdeko musikarien lan berri gehiago eskuratu gura dituenak Musikazuzean standean izango du aukera; han izango dira, Nhil taldearen Bizi bagina bezala eta Aitor Regueiroren Hygge.

Ekinez eta Potx eta Lotx

Euskal Herriko kaleko musika bultzatzea helburu duen Bergarako Ekinez elkarteak –Kaset produkzioak eta Tough Ain't Enough Records-ekin batera– jarriko duen saltokian ere eskualdeko lanak izango dira. Eta autoekoiztutako lan gehiago eskuragarri Potx eta Lotx pailazoen postuan.

Ines Osinaga Arrasateko musikariak Itsasoa da bide bakarra lana argitaratu du. Argazkia: Jone Albeniz.

Ines Osinaga Urizar: "Protagonista bat du kantu bakoitzak"

Itsasoa da bide bakarra bakarkako lehen lana aurkeztu berri du Ines Osinaga Urizar musikari arrasatearrak. Urte "intentsua" pasatu ostean, pozik da emaitzarekin.

Diskoa beharrean, albuma dirudi.

Bidaia-kaiera bat da. Itsasoa da bide bakarra proiektu osoa da, eta ez luke, nik ulertzen dudan moduan, zentzurik edukiko ez balitz ukituko, ez balu zintatxo gorri hori...

Egunerokoak zabaldu dituzu. Zelan zaude?

Portua ikusten dut! Bada politikoa ere intimoan gordetzen ditugun dolu horien guztien aitortza. Sorkuntza-lan bat da, ez da autobiografia bat, inondik inora, baina bai nire egiazko zauri eta orbanetatik abiatutako lan bat.

Laida Zapreri eman zenizkion koadernoak.

Arte-zuzendaria da, eta, Iker Gozategi argazkilaria eta beste artista batzuk lantaldera batuta, lan zoragarria egin dute.

Hamaika artista izan dituzu alboan.

Plazera izan da euskal eta kubatar emakume artista handiak bidaide izatea. Aurrez sortutako abestietatik abiatuta berriak sortu ditugu. Protagonista bat du kantu bakoitzak, baita doinu tradizionalen eta modernoen nahasketa ere.

Debagoienekoen liburuak eta filmak

Elkar argitaletxearen, Elkar Banaketaren, Pamiela argitaletxearen eta Autoekoizleen salmahaietan izango dira idazlan berriak eskuragarri. Horietako batzuk jendaurrean aurkeztuko dituzte: Asun Agirianoren Atzamarra, Andoni Urzelairen Ametsen fabrikatzailea, Marisol Andraderen Zazpi giltzak eta Jon Sarasuaren Harizko zubiak.

Eskualdeko zinemagileen lanak, berriz, Irudienean erakutsiko dituzte: Oñatiko Antixena gaztetxekoek egin duten Ixilik nahi gaituztenean, Mari abenduaren 9an 17:30ean eta Udalbiltzaren Geuretik Sortuak ekimenetik jaiotako Bost teilatu abenduaren 8an 12:30ean.

Debagoieneko sortzaileen aurkezpenak:

  • Abenduak 8, eguena:
    • Liburu aurkezpena: Andoni Urzelai, Ametsen trafikatzailea, 17:30 - 18:00, Ahotsenea Literatura – Musika Eskola.
    • Film emanaldia: Mari, ixilik nahi gaituztenean, 18:30 - 19:30, Irudienea – Zugaza.
    • Disko aurkezpena, Keia taldearen Erregaia, 19:10 - 19:40, Ahotsenea Musika – Plateruena.Ikuskizuna: Kilimaterioa: Kaitin Allende, Oihane Perea, Irtatxe Ibarra eta Irati Anda, 19:30 - 19:55 , Szenatokia – San Agustin Kultur Gunea.

  • Abenduak 9, eguena:
    • Disko aurkezpena: Assata, Oasia, 12:10 - 12:40, Ahotsenea Musika – Plateruena.
    • Liburu aurkezpena: Marisol Andrade (eskoriatzarra): Zazpi giltzak. Las siete llaves, 16:00 - 16:30, Talaia – Landakogunea.
  • Abenduak 11, zapatua:
    • Film emanaldia: Aitor Alberdi: Intsumisioa Bergaran, desobedientzarako bide bat, 12:30 - 13:30 ,Irudienea – Zugaza.
    • Tailerra: Familia jolasean, Olgeta denda: 18:00 - 19:00, Saguganbara – Elkartegia.
    • Liburu aurkezpena: Jon Sarasua: Harizko zubiak, 18:30 - 19:00, Talaia – Landakogunea.

Azoka Telebista

Eguneko protagonistekin egindako erreportajeak eta elkarrizketak bilduko dituzte EztanDa! magazinean. Goiena telebistan, 20:00etan eta 22:00etan, eta tokiko beste hedabideetan eskainiko dute. Horrez gain, Durangoko Azokaren atarian streaming bidez jarraitu ahal izango dira Ahotseneko zuzeneko askotariko kontzertuak.

Abenduaren 13an, Debagoieneko sortzaileen lanei buruzko saioa eskainiko dute Goiena telebistan, 21:30ean eta 23:30ean.

'Zu non, han DA! ekimena

Abenduaren 12tik aurrera, azokako lan berrienak Debagoieneko liburu-dendetan –Oñatiko Haritza eta Altuna dendetan; Bergarako Elkar liburu-dendan, Arrasteko Elkar liburu-dendan eta Antzuolako Itzar liburu-dendan– eta eskuratzeko aukera izango da.

Aurkezpenak ere izango dira; abenduaren 13an, 18:00etan, Arrate Egañaren Itzalen distira liburua aurkeztuko dute Bergarako Elkar dendan, eta Jakoba Errekondoren Ilargia eta landareak liburua, berriz, Antzuolako Itzar liburu-dendan abenduaren 20an, 18:00etan.

Erlazionatuak

Ines Osinagaren lan berriaz, Arrasate Irratian

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2022 abe 05 Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak