Leire Egaña: "Udalak eta herritarrek asko lagundu digute"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2022ko mai. 11a, 13:51

Leire Egaña zinemagile oñatiarra.

Udalbiltzaren Geuretik Sortuak ekimenaren baitan egin du Erlojupekoa film laburra, eta ekimeneko beste lau film laburrekin batera osatu dute Bost teilatu film luzea. Maiatzaren 11n, eguaztena, Elgetako udaletxean eskainiko dute, 18:30ean, eta Oñatiko kultura etxeko zinema aretoan, berriz, hurrengo egunean, 19:00etan. Zuzendaria eta lantaldeko kide gehiago Oñatin izango dira.

Galdakaon filmatu du Leire Egañaren lantaldeak Erlojupekoa film laburra.

Donostian bizi zara aspalditik; pozik jaioterrian lana aurkezteko?

Urduri baina ilusionatuta nago. Geuretik Sortuak-en parte hartu duten 39 herritan eskainiko dute filma eta lantalde bakoitzak lauzpabost herritan egingo ditu aurkezpenak. Gure kasuan, apirilaren 21ean Villabonan oso ondo hartu gintuzten, datorren astean Oñatin izango gara eta Usurbilen eta Erriberan gero.

Komedia surrealista; zeri buruzkoa?

Umore absurdotik asko du. Janaria banatzen duen rider bat da protagonista. Misio bat du, pakete bat entregatu behar du, eta horretarako herri bat zeharkatu behar du, eta egoera surrealistekin egingo du topo. Bideo-joko baten barruan balego bezala dago protagonista; gero eta energia eta denbora gutxiago du, eta paketea garaiz entregatzen ez badu soldata jaitsiko diote; hortik izenburua.

Erlojupekoa film laburreko fotograma bat.

Galdakaon filmatu duzue. Zelako esperientzia izan da?

Oso harrera ona egin ziguten. Herriarekin elkarlanean jardutea eskatzen zuten Udalbiltzakoek eta zorrotz hartu genuen proposamena. Hiru asteko egonaldia egin genuen. Lehenengoan, gidoi laborategia egin genuen, herritarrek parte hartzeko deialdia eginda aurretik. Bigarrenean, aurre-ekoizpen lanak: grabatzeko tokiak aurkitu eta aktoreak aukeratu. Ia 70 pertsona etorri ziren casting-era. Produkzio arloan lan egiteko deialdia ere egin genuen, baina ez zuen arrakastarik izan. Jende asko agertzen den sekuentzia asko ditugu; hortaz, ia denak ez dira aktoreak. Protagonista Belako taldeko Lore Nekane Billelabeitia da. Aktore moduan haren lehenengo esperientzia; lantaldean zegoen ekoizpen arloan, probatzeko esan genion eta ederto egin zuen!

Herritarrekin elkarlana lortu duzue?

Ikaragarria izan da esperientzia. Udalak eta herriko eragileek asko lagundu digute eta gauzak asko samurtu dizkigute.

Ze garrantzi ematen diezu halako ekimenei?

Oso handia. Proiektu baten emaitzaz gainera, sorkuntza prozesuan laguntzen dizuten ekimen gutxi daude, eta sortzaile moduan babestuta sentitzen zara.

Bost teilatu izeneko film kolektiboa osatu duzue guztien artean.

Herri ezberdinetan eta bakoitza lantalde batek grabatuta daude. Oso ezberdinak dira, baina Bilboko Adabaki ekoiztetxeak muntaia polita egin du animazioko zatiak txertatuta. Martxoaren 31n Leitzan egin genuen filmaren aurkezpenean ikusi genituen lehenekoz, film luze formatuan, beste egileen lanak.

Leitzan egin zuten Bost Teilatu fimaren aurkezpena. Argazkia: Udalbiltza.

'Bost teilatu' film luze kolektiboa

Amancay Gaztañagak eta Erika Olaizolak zuzendu duten Krak, Eneko Sagardoy eta Zorion Egileor aktoreek parte hartzen duten eta Raul Barrerasek zuzendu duen Arnasa, Josu Martinezen Hitzak eta Eñaut Castagnetek zuzendu duen Muga daude Egañaren Erlojupekoa film laburrarekin batera Bost teilatu film luze kolektiboan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak