'Oasia' diskoaren aurrerapen abestia kaleratu du Assata taldeak

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2022ko aza. 24a, 13:24

Assata taldeko kideak.

Zortzi abestik osatzen dute diskoa, eta horietako bat da Pluralean dantzan, bideoklip eta guzti argitaratu dutena. Egungo gizartearen soluziotzat dute dantza kolektiboa.

Hilaren 30ean argitaratuko du Oasia diskoa Arrasateko Assata taldeak, baina Pluralean dantzatu aurrerapen abestia kaleratu du. Dosis ekoiztetxeko Jey Knight eta Txus Vennorekin elkarlanean egin du bideoklipa.

Taldekideen hitzetan, aurrerapen kanta honek "arazo indibidual gisa ikusarazten diguten errealitate soziala" du hizpide: "Errendimendua, sakrifizioa, espektatibak, osasun mentala, norberekoikeria, kolektibitatea edota askatasuna dira hitzetan zehar inplizituki talka egiten duten gaiak". Beraz, soluziotzat dute dantza kolektiboa.

Horretarako, azaldu dute disko, funk eta pop elektronikoaren erritmo eta doinuak direla hitz eta mezu hauen euskarri, eta baita "punkaren bat-batekotasuna" ere, "dantzarako gonbidapen garbia luzatuz".

Gehiago sakonduz

Disko honetan Dantzatu, madarikatuak (2019) lanean abiatutako dantzarako musikan are gehiago sakontzen saiatu dira, "gizartean bizi den egoerari oraindik eta zorrotzago" begiratzen.

Shot! estudioan grabatu dute lana, Iñaki Bengoarekin elkarlanean, eta orotara zortzi abestik osatzen dute: Pluralean dantzatu; Kontuz, banpiroak!; Lehia; Jackie Shane; Gentleman; Norbait izan nahian; Munstroa; eta Opio berriak. Eta gainera, abestietan hainbat kolaborazio daude; besteak beste, Ain_1 taldeko Iraitz Agirre, Never Surrenderreko Andoni Iñurritegi Pottoko eta Katya Martin ahotsetan, eta Marina Garmendia, Jurgi Iraola eta Peru Atxa haize sekzioan.

Horrez gain, Ohian Zubizarretak, Maria Blancok, Lide Galdosek, Laura Buenok, Inesa Ugaldek, Endika Ruiz de Samaniego, Julia Zamorak eta Jon Etxebarriak hartu dute parte bideoklipean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak